Ehun urte bete ditu Emiliana Carrera Ignaciok, azaroaren 12an. Alabarekin batera ospatu du mendeurren berezi hau, baita Udalaren opari bat jaso ere; hots, lore sorta bat Agustin Valdivia alkateak eta Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak emanda. Carrera Ignaciok adierazi duenaren arabera, familiarekin ospatuko du aurrerago, beste behin.
Extremadurako La Pesga herri txikian jaio zen. Lehenengo, bere alabarik zaharrena etorri zen udalerrira haurrak zaintzeko asmoz, osabaren eta izebaren etxean bizi bitartean. Senarra Suitzara joan zen lana dela-eta, garai hartan. Extremaduran geratu zen Carrera Ignacio gainerako haurrekin. Denboraren poderioz, familia osoa lekualdatu zen Lasarte-Oriara. Dena den, ez zuten galdu jaioterriarekiko lotura, eta oporretan itzultzeko ohitura izan dute, sei hamarkada hauetan.
Zazpi seme-alaben ama izan da Emiliana Carrera Ignacio: Marce, Mari Carmen, Matilde, Tina, Isabel, Chema eta Carlos. Urteekin batera, familia handitu egin zaio, eta hamar biloba eta hamaika birbiloba ditu, egun.
Ibilbide oparoa eta bizia
Urtebetetzearen harira, mende honetan bizitakoak gogoratu ditu herritarrak. Adierazi du asko aldatu dela gizartea urte hauetan. Gaztaroko oroitzapenak ere kontatu ditu; arropa ibaian garbitzen zuenekoa eta familiarekin baterako oroitzapenak, hain zuzen.
Era berean, gaineratu du eguneroko ohiturei eusten diela. Esate baterako, arnasketarako eta mugikortasunerako ariketak egiten ditu, gosaldu ondoren. Hori ez ezik, paseatzera ateratzen da, goizez eta arratsaldez. Horrekin batera, aldizkariak irakurtzea gustatzen zaio, eta tarteka idaztea ere bai. Baina batez ere lagunekin elkartzea, solasean aritzea eta eguneroko une txikiez gozatzea disfrutatzen du.