ESKUTITZA

Kiroldegiko olana konpontzeko eskaera

Ostadar SKT

Iazko azarotik, udal kiroldegiko pista nagusia bereizten duten bi olanetako baten motorra matxuratuta dago, olana sabaian erabilezin utzita eta kirol espazioa hiru zelai independentetan banatzea eragotzita. Ia hamar hilabete igaro dira udal honek konpondu edo ordezkatu gabe.

Olana jaistea ezinezkoa denez, hiru kirol ataletatik bik espazio irekia partekatu behar dute, inolako banaketa fisikorik gabe. Egoera horrek segurtasun arazo bat sortzen du egunero: baloiak eremu batetik bestera etengabe igarotzeak estropezu egiteko, erortzeko eta inpaktuak izateko arrisku nabarmena dakar, eta horrek lesioak eragin ditzake kirolariengan (gehienak haurrak, gazteak eta tokiko erabiltzaileak). Gainera, etengabe eteten du entrenamenduen eta kirol saioen erritmoa.

Asteroko entrenamenduetan dagoen arriskuari asteburuetan sortzen den antolakuntza kalte jasanezina gehitu behar zaio. Araudiak ezarritako espazio banaketa ez danez betetzen, ezin dira aldi berean hiru partida ofizial jokatu. Herriko kirol atalen artean ordutegiak eta espazioak kudeatzea berez konplexua bada, matxura luze horrek topaketen programazioa ia bideraezina bihurtu du.

Bere garaian, pista zatitzea bermatuko zuen eta deskribatutako arriskuak minimizatuko zituen sare banatzaile bat instalatzeko irtenbide alternatiboa eta bitartekoa proposatu zitzaien udal arduradunei. Proposamena modu positiboan jaso bazen ere, gaur egun neurri hori ez da gauzatu, eta konpromiso eta bizkortasun falta kezkagarria erakutsi du. Kezka handiz ikusten dugu kiroldegi berriaren eraikuntza aitzakia dela gaur egungoaren mantenua bertan behera uzteko. Iraungitze data duen instalazio batean inbertsio handirik edo egiturazko berrikuntzarik ez egitea uler dezakegu, baina egungo instalazioak baldintza duin, funtzional eta seguruetan MANTENTZEA udalaren oinarrizko eta ezinbesteko betebeharra da. Kiroldegi zaharra ezin da hiltzen utzi berria martxan ez dagoen bitartean. Honengatik, Ostadar SKTk udalari eskatzen dio:

1. Udal kiroldegiko pistan sare bereizlea edo olanaren motorra lehenbailehen konpontzea, espazioaren banaketa funtzionala berreskuratzeko.

2. Udaleko Kirol Sailaren konpromiso irmoa mantentze lanen gainean, entrenamenduen segurtasuna eta lehiaketa ofizialen garapen normala bermatze aldera.