Lan horiek aurrera eramaten dituzten pertsona gehienak emakume migratzaileak direla nabarmendu zuten. "baldintza txarretan" aritzen direnak. "Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata jasotzen dute, eta hori zortea dutenek", adierazi zuen Carrizok. Horri lotuta, azpimarratu zuen gizartea oso ohituta dagoela zaintza lanak "oso merke" jasotzera: "Urteko 365 egunetan lan egiten dute; arta bikaina ematen dute miseriazko soldaten truke".
Norabide horretan, mezu argiak eta gardenak bota zituzten bi hizlariek. Gogoeta honen bidez, esaterako: "Beste pertsona batzuk zaintzen dituzten pertsonak gara, ez objektuak".
Langileak babesteko
Egoera hori izanda, zaintza eta etxeko lanetan aritzen diren emakume migratzaileei babesa ematea, haien eskubideak defendatzea eta lan baldintza duinak bermatzea dira Malen Etxearen zein Maitelan Zaintza Kooperatibaren helburuak. Aurreneko eragileak hogei urte baino gehiagoko ibilbidea du; bigarrena, berriz, 2020ko otsailean eratu zuten.
Bataren zein bestearen ezaugarriez, lan ildoez eta osaketaz jardun ziren Carrizo eta Peredo. Azalpenen tartea bukatu ostean, bertaratu zirenen galderak erantzun zituzten.