Azken minutuetako erreakzioa ez da aski izan

Txintxarri Aldizkaria

Ostadarreko jokalari bat, taldekideari baloia pasatzen.

Denboraldiko aurreneko puntuak eskuratu ezinik jarraitzen du Ostadar SKTk, Emakumezkoen Gorengo Mailan. Hilaren 7an Michelin kirol guneko zelaira etorri zen arerioa Goierri Gorri izan zen eta 2-5 irabazi zuen.

Hori bai, atsedenaldirako partida bideratuta (0-3 ziren aurretik) izanagatik, espero baino gehiago izerditu behar izan zuten kanpokoek: urdin-beltzek erreakzionatu eta bi gol sartu zituzten 80. zein 83. minutuetan. Sara Iglesias eta Lide Ecay izan ziren goleatzaileak. Etxeko jokalariak nahiz zaleak animatu zituen su horrek, baina, tamalez, lazkaotarrek berehala itzali zuten bosgarren gola 85. minutuan sartuta.

Denboraldi hasiera gogorra izaten ari da Ostadarrentzat baina taldeak argi du ez duela amore emango. Zazpigarren jardunaldian atseden hartuko dute urdin-beltzek eta ahalik eta ongien prestatuko dute Segura Aizkorri ekipoaren aurka jokatuko duten norgehiagoka.

Gizonezkoen maila berean konpetitzen ari den Ostadarren dinamika guztiz kontrakoa da. Zortzi neurketa jokatu ditu eta bakar bat ere ez du galdu. Hori horrela, aurreneko multzoko liderra da, hogei punturekin. Azkeneko hiruak Danena-ren zelaian poltsikoratu zituen, 0-3 irabazita.

Asteburu honetan Michelinen jokatuko dute urdin-beltzek. Biharkoa (hilak 14) ez da nolanahiko neurketa izango, sailkapeneko bigarrena etorriko delako Lasarte-Oriara: Astigarragako Mundarro. Bi ekipoek hogeina puntu dituzte eta jardunaldia amaitzen denerako bakarkako lider izatea dute helburu. 17:30ean hasiko da norgehiagoka.