18:00etarako deitua zuten LAB sindikatuak, aSUnak taldeak, Lasarte-Oriako Ernaik eta Mugimendu Sozialistak manifestazioa herrian. Usurbildarrek ere Lasarte-Oriako mobilizazio horrekin bat egin dute. Oso jendetsua izan da.
Okendo plazatik abiatu dira, eta, handik, Kale Nagusia igarota heldu dira Zumaburura. Auzo hori zeharkatu, eta berriz ere Kale Nagusian barrena, Tajamar biribilgunerantz abiatu da mobilizazioa. Ikusezina zen amaiera. Handik Pablo Mutiozabal eta Iñigo de Loiola kaleak pasata, Geltoki kaletik barrena iritsi dira helmugara: Okendo plazara.
Bide horretan guztian etengabe egin dituzte aldarrikapenak manifestariek. Etxebizitza eskubidea dela ozen oihukatu dute, eta behin eta berriro eskatu, espekulazioarekin amaitzeko.
Aldarrikapen afixa nagusiaren inguruan batu dira bertaratu direnak Okendon, eta etxeratu aurretik, adi entzun dituzte lau eragiletako ordezkarien hitzak.
Hitartzeak eragilez eragile
Lasarte-Oriako Ernaik hartu du hitza lehenik eta nabarmendu du etxebizitza dela "langile klasearen pobretzearen eragile nagusietako bat". Prezioen igoera salatu du, eta, baita bizitegi etxebizitzen murrizketa gertatzen ari den bitartean ugaritzen ari diren etxegabetzeak ere. Gaineratu du, egoera horren etekinik handienak espekulatzaile eta errentistek pilatzen dituztela.
Eragile horretako ordezkariak ohartarazi du krisiak arrakala sozioekonomikoa handitzen duela eta horrek diskurtso erreakzionarioei bide ematen diela. Horregatik, langile klaseari "bere interes komunen alde" batzeko deia egin dio, noski, horrela espekulatzaileen aurka egiteko. Hala, etxebizitzaren arazoaren "alderik gordinena jasaten dutenak" erdigunean jartzeko aldarria ere egin du, hots, indarkeria matxista jasaten duten emakumeak, sexugenero disidenteak, babesik ez duten eta emanzipatu ezin diren gazte langileak, edota higiezinen agentzien eta etxejabeen irizpide arrazista eta klasistak pairatzen dituzten pertsona arrazializatu eta migranteek.
aSUnak taldeak jarraitu du adierazpena eta etxebizitzaren arazoa "ikuspegi transfeminista eta antiarrazistatik jorratzeko beharra" azpimarratu du. Hala, esan du pobreziaren feminizazioak eta arrazializazioak emakumeen, sexu genero disidenteen eta pertsona migratu eta arrazializatuen etxebizitzarako sarbidea oztopatzen dituztela.
Etxebizitza "negozio logikatik eta zisheteroarautik" atera eta "eredu kolektibo zein komunitarioak" bultzatzeko eskaera ere egin du, eta zenbait datu ezagutarazi ditu gero; 2017 eta 2022 urteen artean % 18,17 garestitu da bataz besteko alokairuaren prezioa, eta Usurbilen, berriz, % 19,9.
Azkenik, patronalak langileengandik "etekin bikoitza" lortzen duela ere arbuiatu du: “Batetik lantegietan, soldaten debaluazioaren bidez; eta, bestetik, etxebizitzaren eremuan, errentismoaren eta espekulazioaren bidez. Horregatik, bi eremuetan klase borroka indartzeko momentua da, eta kapitalaren eta patronalaren interesekin konfrontatzekoa”.
Mugimendu sozialistaren txanda izan da gero. "Erantzukizun politiko eta instituzionalak" seinalatu ditu: eskuineko alderdiak (PP, UPN, EAJ) espekulazioa bultzatzen duten politikak sustatzeagatik; PSOEren gobernua eta hura babestu dutenak egoera errotik aldatzeko zer egin ez izanagatik; eta, azkenik, Euskal Herriko erakundeak (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, aldundiak), eskumenak izan arren, higiezinen negozioa indartzen duten politikak babesten dituztelako.
Hori horrela, etxebizitzaren arazoa konpontzea posible dela esan eta horretarako hiru neurri proposatu ditu: espekulatzaileei ondasunak espropiatzea, etxebizitzaren erabilera espekulatibo zein errentista debekatzea, eta etxebizitza zen baliabide guztiak langile klasearen beharren arabera antolatzea.
Usurbilgo Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioko ordezkaria izan da laugarren eragilea, eta bidegabekerien aurrean eta hobekuntzak lortzeko antolatzeko beharra defendatu du. Hala, iragan martxoaren 17an 1.500 euroko Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren alde aurrera eramandako grebaren ostean, oraingoan berriz ere kaleak hartu eta "erroko eraldaketak bultzatzeko unea" dela defendatu du.
Ostean, Usurbilgo Txirikorda etxebizitza komunitarioaren esperientzia eredu gisa hartu ditu, zaintza eta ikuspegi komunitarioa erdigunean jartzen dituelako etxebizitzaren problematikaren "dimentsio patriarkalari" aurre egiteko. Arazoari modu kolektiboan ekiteko deia egin du.
Piketeak, goizean
LAB sindikatuak eskualdeko udalerri batzuetan antolatutako ekintzei jarraiki, egunak argitu orduko piketeak abiatu dira Okendo plazatik; Lasarte-Oriako Ernaik eta aSUnak taldeak ere bat egin dute deialdiarekin. Lehen ekintza hori amaituta, Okendo plazan elkartu dira herritarrak eta kale bira zaratatsuari ekin diote.
Mugimendu Sozialistak, berriz, Tajamar biribilgunetik abiatu du piketea, eta hori amaituta, Donostiara abiatu dira eragile horretako kideak.
Donostiako manifestazioa
Etxebizitzaren aldeko talde argazkia atera dute gero, 10:00etan, Okendo plazan, eta, ostean, Donostiako manifestaziora joan dira: 11:30eko eta 12:00etako trenek herritarrez beteta egin dute Lasarte-Oriatik Donostiarako bidea. Hiriburura iritsita, zutabeek bat egin duten eta manifestazio nagusia hasten zen lekura iritsi dira: Pio XIIra. Milaka eta milaka manifestarirekin elkartu eta Boulevarderaino ibilbidea egin dute aldarrikapenak aireratu dituzten bitartean; askotarikoak oihukatu dituzte, hala nola, Etxebizitza bizitzeko, ez espekulatzeko edota Etxebizitza eskubidea da. Argi utzi dute borroka dela bide bakarra.
Oso jendetsua izan da mobilizazio hori ere. Sindikatuek emandako datuen arabera guztira 200.000 lagun irten dira kalera, Hego Euskal Herrian, goizeko manifestazioetan.