Eguerdian egin dute ekitaldia, eta horri hasiera emateko, Agustin Valdivia alkateak hartu du hitza. Bertaratzea eskertu die han bildutakoei, eta hitzartzeari ekin dio.
Azaldu du motibazio politikoko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketak eta bestelako sufrimenduak jasan dituzten pertsona guztiekiko errespetua, aitortza eta elkartasuna adierazteko batu direla. Hori esanda, azpimarratu du aurtengoa ez dela izan beste edozein Memoriaren Egunen modukoa; aurtengoaren esanahi bereziaz hitz egin du: "Aurtengoak gure udalerrian bizitza instituzional eta sozialean lorratz sakona utzi duen etapa baten amaiera dakar. Dueia hamar urte baino gehiago hasi zen, Lasarte-Orian ordezkaritza genuen indar politikoek bide berri bati elkarrekin ekitea erabaki genuenean. Gure iragana begirada partekatu batetik begiratzeari ekin genion, jasandako sufrimendua aitortuz eta giza eskubideak lanerako esparru komun gisa ezarrita".
Hala, gaineratu du orduko konpromiso hura "sinesmen soil bezain zorrotz batetik" abiatu zela, eta honako adierazpenak egin ditu jarraian: "Ez dago iraganari zintzotasunez begiratu gabe, etorkizuna behar bezala eraiki dezakeen gizarterik, ezta gizakien sufrimendua ahaztean eraiki daitekeen bizikidetza sendorik ere. Ezin dugu ahaztu, urte luzez, gure gizartean mina, haustura eta isiltasuna bizi izan genituela, memoria hurbilaren inguruko askotariko interpretazioekin batera". Halaber, adierazi du egindako bidean barrena gai "zailak" jorratu, kontakizun mingarriak entzun eta sarri errazak izan ez diren egoerak igaro dituztela, eta horrek guztiak balio izan duela ikasteko ezberdintasun politiko, ideologiko edo pertsonalek ez dutela zertan elkar ulertzea oztopatu, elkarri entzun eta ezberdin pentsatzen, sentitzen edo gogoratzen duenaren duintasuna aitortzeko asmo zintzoa dagoenean.
Luze eta zabal solastatu da, baina solaserako ez ezik, eskerrak emateko ere baliatu du abagune hori. Lasarte-Orian gertatu ziren giza eskubideen urraketak dokumentatzeko abiatutako ikerketa gogora ekarri, eta horrek, biktimak entzuteko aukera eman diela adierazterakin batera, aitortu du zalantza izpirik gabe ahots horiek guztiak izan direla prozesuaren "leziorik handiena". Horiekin guztiekin agertu da eskertuta. Era berean, hori horrela gerta zedin Lasarte-Oriako Bizikidetza Taldeak egindako "ezinbesteko ekarpena" ere nabarmendu du alkateak.
Minutu bateko isilunea ere egin dute, eta horri amaiera emanda, Lurdes Iriondoren Askatasuna zertarako abestia kantatu dute denek batera. Eta aurten ere ez du hutsik egin lore eskaintzak; kolore zuriko arrosa bana utzi dute bertaratu direnek; batzuek horretarako jarritako loreontzian, eta beste batzuek, berriz, monolitoetan.
'Geroaren Memoria' eraberritua
Gotzon Huegun eskultorea ere Askatasunaren parkean aurrera eraman duten ekitaldian izan da. Duela hamabost urte bertan ikusgai dago indarkeriaren biktimak oroitzeko artistak sortu zuen Geroaren Memoria eskultura, eta hain zuzen ere, hori osatzen duten marmolezko hiru argizaiolak eraberri ditu artistak. Hori horrela, itxura berritze horren gaineko xehetasunak emateko gonbidatu dute. Halaxe egin du Huegunek.
Lehenik eta behin argizaiola bat zer den azaldu die bertan bildutakoei. Esan die argizari tira batek besarkatzen duen zurezko ohola dela. Hala, euskal kulturan hildakoei argia emateko erabili izan ohi den elementu "magiko eta erlijiosoa" gisa ere aurkeztu du, eta esan, esanahi horri eutsiz erabaki zuela hiru piezak sortzea.
Gaur egunera arte ekitaldia aurrera eraman ohi den espazioan egon dira kokatu hiru eskulturak, baina horiek bertatik igarotzen direnengandik "eskuragarriegi" egon izanaren ondorioz, "hondatu" egin ziren, eta horiek konpondu eta eraberritzeko mandatua egin zion udalak. Eskaera horren emaitza ikusi ahal izan dute gaur ekitaldian parte hartu dutenek.
Eraberritzearen gainean Huegunek esan du orain "espazio naturalago batean" daudela, hain zuzen ere, inguru horretan dagoen belaze batera lekualdatu baitituzte. Ostean, pieza bakoitzaren sinbologiaz ere aritu da. Kontatu du monolitoetako batek,. zentralak, hain zuzen, terrorismoaren biktimak hartzen dituela protagonistatzat. Beste biek, aldiz gizartearen erakusle dira; horietako bat gizartearena orokorrean, eta hirugarrena, berriz, biktimen senide eta gertukoen erakusle da.
Marmolezko piezak kolore grisekoak dira nagusiki, baina badituzte bestelako koloreko elementu batzuk ere. Horiek orain arte askotariko koloretakoak izan badira ere (gizartearen kolore guztiak irudikatu nahi izan zituen orduan), eraberritzearen ostean, kolore bakarra hartu dute: argizaiolek izan ohi dutena, su sakratuaren horia.
Bizikidetza taldea
Aurtengo Memoria Egunean, Lasarte-Oriako Bizikidetza Taldeak ere bere hausnarketa plazaratu du; bizikidetza auzo eredu batetik eraikitzearen aldeko aldarria egin dute.
Taldeak gogorarazi du herri txikietan bizikidetza ez dela "denek gauza bera pentsatzea", baizik eta "desadostasunen, oroitzapen zailak daudenean eta hitzek pisua dutenean elkarri aurpegira begiratu ahal izatea; ez hori bakarrik, baita herriko espazio komunak partekatzen jarraitzea ere. Era berean, azpimarratu dute bakea eraikitzeko auzo eredua hortik abiatzen dela, hain zuzen, ezein proiketu, ezein kausa eta ezein etorkizun politiko, ezin dela pertsonen duintasunaren gainetik jarri. Honako adierazpenak egin dituzte gero: "Bizikidetza ez da adostasun osoen edo inposatutako isiltasunen gainean eusten, baizik eta norbere ekintzen ardura hartzeko gai diren pertsonen gainean, bai kalteak aitortzeko eta mugak jartzeko, horrek norbere taldea deseroso jartzen duenean ere".
Ikuspegi horretatik, aldarrikatu dute memoria ez dela "borroka eremua, erantzukizunerako espazioa baizik", giza eskubideetan, sufrimenduaren aitortzan eta ez errepikatzeko konpromisoan oinarritutako lur etiko partekatua berreraikitzeko
Hala, gogorarazi dute bizikidetza ez dela dekretuz ezartzen, baizik eta zaindu egiten dela, eta gaineratu, hori kontzientziari uko ez egitearekin hasten dela.