Buruntzaldeko transmaribibollook bat egiten dugu hilaren 11n Hego Euskal Herrian deitutako greba orokorrarekin eta garatutako aldarri nagusiekin. Ezinbestekoa iruditzen zaigu, era berean, aldarri hauei egiturazkoa den irakurketa gehitzea, subjektibitate, zapalkuntza eta problematika konkretuak aitortu eta izendatzeko.
Etxebizitzaren auziak ezinbestean zeharkatzen gaitu eta beharrezkoa da ikuspegi transfeminista eta antiarrazista batetik lantzea. Pobreziaren feminizazioak eta arrazializazioak emakumeen, sexu genero disidenteon eta pertsona migratu eta arrazializatuen etxebizitzarako sarbidea eta burujabetza materiala oztopatzen dituzte.
Horrez gain, egungo etxebizitza ereduak familia nuklear zisheterosexuala eta bikote harremana lehenesten ditu, bestelako bizitza proiektuak baztertuz. Besteak beste, egun, etxebizitza duin baterako sarbidea zisheteroarauak eta familia nuklearrak sortzen dituzten pribilegioen menpe dago: familiaren herentzia edo babes ekonomikoa izatea ezinbestekoa bihurtu da eta bikotetasunetik harago etxebizitzarako sarbidea izatea pentsaezina da. Ezin dugu onartu etxebizitza duina izateko aukera bakarra familiako jabetzen edo bikote harremanen menpe egotea: etxebizitza ereduak eta herentzia sistema kapitalistak familia zisheterosexuala eta bikotetasuna betikotzen dituzte, bestelako elkarbizitza ereduak baztertuz.
Bestalde, azpimarratu nahi dugu sexu genero disidenteok etxebizitza eskuratzeko garaian bazterketa eta gorrotoa ere jasaten ditugula. Esaterako, pertsona transen % 50 baino gehiago noizbait kalean bizirautera behartuta egon da. Alternatiba bizigarrien faltan, eta etxebizitza eskuratzeko zailtasun orokorrez gain, sexu genero disidenteok erresistentzia egoeran bizi gara bizilekua bera erosoa eta segurua izan dadin bermatzeko.
Era berean, pertsona migratu eta arrazializatuentzat etxebizitza eskuratzea are zailagoa dela esan nahi dugu. Atzerritartasun Legeak eta arrazakeria instituzionalak pertsona migratu eta arrazializatuen bazterketa eta deshumanizazioa indartzen dituzte, bereziki kale egoeran daudenen kasuan. Horri etxejabeek maizterrak hautatzeko erabiltzen dituzten irizpide eta baldintza arrazistak gehitzen zaizkio. Horregatik, Atzerritartasun Legearekin amaitzea, errolda soziala bermatzea eta politika antiarrazistak garatzea aldarrikatzen dugu.
Horregatik guztiagatik, argi diogu ezinbestekoa dela etxebizitza eskubide bat dela aldarrikatu eta negozio logiketatik ateratzea. Merkatuaren eta zisheteroarauaren logiketatik harago, bizi proiektu kolektibo eta komunitarioak ahalbidetuko dituzten etxebizitza ereduak behar ditugu.
Etxebizitzaren aldeko borroka transfeminista eta antiarrazista da!
Etxebizitzarekin espekulaziorik ez!
A11 BURUNTZALDEKO TRANSMARIBIBOLLOAK GREBARA!