Dantza topaketa aurrera eramango du Erketz Danta Taldeak hilaren 14an, larunbatarekin, Manuel Lekuona Kultur Etxean. Hala iragarri du Kultura saileko zinegotzi Ainara Elicecheak eta aipatu dantza taldeko kide Jesus Mari Ormazabalek eta Geno Salsamendik. Egun horretarako prestatu dutena aurkezteko agerraldia egin dute kultur etxean.
Elicecheak hartu du hitza, eta hori baliatu du Erketzek aurrera eramaten duen jardunari azpimarra egin eta hori balioan jartzeko: "Lasarte-Oria kultur aberastasun handiko herria da. Hori ez da antolatzen diren jardueren aniztasunean soilik islatzen; batez ere, gure tradizioak bizirik mantentzeko, ekimen berriak bultzatzeko eta kulturak gure herriko eguneroko bizitzaren parte izaten jarrai dezan egunero lanean ari diren pertsona eta elkarteetan islatzen da". Era berean, mintzatu da gisa horretako topaketak babestearen garrantziaz ere: "Lasarte-Oriako kultur aberastasuna kultur truke horien, elkarteen arteko lankidetzaren eta herritarren parte hartzearen bidez eraikitzen da".
Hiru dantza talde
Ormazabalek hartu du hitza ostean, eta topaketan parte hartuko duten bi talde gonbidatuez aritzeaz gain, egitasmoaren xehetasunak eman ditu.
Donostiako Trebeska taldea aurkeztu du lehenik; hori izango da dantza talde gonbidatuetako bat. 1976. urtean sortu zen Egia auzoan eta euskal dantza herrikoien berreskurapenean eta zantzu tradizionalen ikerketan oinarrituta egin du bere ibilbidea. Alacanteko Villajoyosa hirian errotutako eta bertako ohiturak mantentzen dituen El Center Grup de Danses taldea izan du ahotan gero, hori izango baita bigarren talde gonbidatua. Hori horrela, esan du emanaldian zehar Trebeskak eta Erketz EDTk Euskal Herriko kulturaren aberastasuna oholtzaratu eta erakutsiko dutela, noski, dantza, doinu eta jantzi tradizionalen bitartez. El Centerrek, berriz, bere lurraldeko dantza tradizionalen erakustaldia egingo duela azaldu du. Hala, horien dantza taldean "ezinbesteko elementua" den errondailaz ere mintzatu da. Zer den azaldu du lehenik: "Alacanteko folklore pieza nagusiei musika jartzen dien hari pultsatuko musika talde tradizionala", eta argitu du talde hori osatzen duten instrumentuak zeintzuk diren: gitarrak eta gitarroiak, bandurriak eta lauteak eta perkusio txikiko instrumentuak, hala nola, kriskitinak, panderetak edo triangeluak. Horiek zein pieza joko dituzten ere aurreratu du: jotak, boleroak eta fandangoak.
Gauzak horrela, deialdia zein ordutan hasiko den gogorarazi dute. 18:00etan ekingo diote kalejirari. Kultur etxetik abiatuta, Pablo Mutiozabal kalean barrena iritsiko dira Kale Nagusira. Bertan lehen geldialdia egin, eta ostean, handik Okendo plazara joango dira; hor egingo dute bigarrena. Bertatik berriz ere itzulerako bidea hartuko dute kultur etxera heldu arte. Bertan hasiko da emanaldi nagusia, 19:00etan.
Azken ohartarazpen bat egin dute antolatzaileen agurtu aurretik; gogorarazi dute bertaratu nahi duen orok gonbidapenak eskuratu beharko dituela. Horretarako, Manuel Lekuona Kultur Etxeko harrera joan behar dira interesdunak, honako ordutegian: 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Herritarrak bertaratzera gonbidatu dituzte.