ESKUTITZA

Parte hartze prozesua itxurakeria hutsa izan da: udalak ez du Zabaleta Auzolan entzun nahi

Zabaletako Auzo Elkartea

Zabaleta auzoko Basotxo berdegunea. ZABALETA AUZO ELKARTEA

Zabaletako Auzo Elkarteko kideok gure kezka eta desadostasun sakona adierazi nahi dugu Lasarte-Oriako Udalak azkenaldian auzoarekiko eta, bereziki, gure elkartearekiko izan duen jarreraren aurrean.

Urte luzez, harreman estua eta lankidetzan oinarritutakoa izan dugu udalarekin. Azken urteetan, ordea, harreman hori nabarmen okertu da, eta udalak gure elkartearekiko zuzeneko elkarrizketa eta lankidetza saihestu ditu, bai auzoko arazoak eta beharrak identifikatzeko, bai ideiak eta ekarpenak jasotzeko, bai proposamenak elkarrekin aztertu eta kontrastatzerako orduan.

Egoera horren adibide argia da Zabaletan eraiki nahi den estalkiaren inguruko prozesua. Gure iritziz, udalak ez du inolako unetan gure lankidetza aintzat hartu, eta prozesu osoan zehar bazterrean uzteko jarrera erakutsi du. Horren erakusgarri da, besteak beste, guk aurkeztutako idatzi eta eskaerei erantzunik eman ez izana eta, auzotarrekin bilerak antolatzeko orduan ere, guk ohiko jardueretarako erabiltzen dugun udal lokala baliatu nahi ez izana.

Hartara, orain udalak gurekin kontatu nahi ez badu ere, argi esan nahi genuke, urteak daramatzagula azpiegitura hori eskatzen, auzo osoan frontoia baita estalki bakarra eta kirol jarduerek okupatzen baitute ia beti. Horren erakusgarri da hurrengo gertakarien kronologia:

1. Estalkiaren auzia: gertakarien kronologia

  • 2021eko urria. Lasarte-Oriako Udalak antolatutako aurrekontu parte hartzaileen barruan, Zabaletako Auzo Elkartekook auzoan estalki bat eraikitzea proposatu genuen.
  • 2022ko aurrekontuetan, ordea, ez zen estalkia aurreikusi, gure proposamena bozka gehien jaso zituena izan arren.
  • 2022aren amaieran berriro egin genuen proposamena aurrekontu parte hartzaileetan, eta, bigarren aldiz, bozka gehien lortu zuen. Hala ere, emaitza horrek ez zuen estalkia gauzatzea ekarri eta 2023ko aurrekontuetan ere ez zen estalkia aurreikusi. Oraingoan, udalak arrazoi teknikoak argudiatu zituen proposamena baztertzeko.
  • 2023. urtea. Alkatearekin izandako bilera batean, guri jakinarazi zitzaigun Zabaletan parte hartze prozesu bat egingo zutela eta, prozesu hori amaitu ondoren, estalkia 2024an eraikiko zutela.
  • 2024. urtea. Aurreikusitako estalkia ez zen gauzatu, eta udalak berriro adierazi zigun hurrengo urtean egingo zutela.
  • 2025eko apirilaren 3a. Udalak informazio bilera bat antolatu zuen Zabaletako frontoian, alkatearen parte hartzearekin. Bilerak eztabaida handia sortu zuen, eta, gainera, baldintza desegokietan egin zen. Bilduta ginen bitartean, frontoian pilotan ari ziren, eta zaratak nabarmen zaildu zituen bertaratutakoen arteko komunikazioa eta elkar ulertzea. Hori horrela izanik, zergatik ez zen bilera guk erabili ohi dugun udal lokalean egin? Harrigarria gure ustean.
  • 2025eko apirilaren 10ean, parte hartze bilera antolatu genuen erabili ohi dugun udal lokalean, estalkiaren gaia lantzen jarraitzeko.
  • 2025eko apirilaren 16an, apirilaren 10eko bileraren akta helarazi genion udalari, bertan jasotako iritzi, kezka eta proposamenekin.
  • 2025eko apirilean, bilerak egin eta egun batzuetara, udalak bozketa elektroniko bat antolatu zuen estalkiaren kokapena eta proiektuaren beste zenbait alderdi zehazteko.
  • 2025eko urrian, 6 hilabete geroago, bozketaren emaitzak jakinarazi zituen udalak. Guztira 260 boto jaso ziren eta, kokapenari dagokionez, 128na boto lortu zituzten frontoiaren atzeko eremuak eta parkeak. Noski, berdinketa “arraro” horrek zalantzak sortu zituen.
  • 2026ko urtarrilaren 30ean, guk bozketaren datuak eta parte hartze prozesuari buruzko informazioa eskatu genion udalari, emaitzetan izandako berdinketa ikusita zalantzak sortu baitziren. Ez genuen erantzunik jaso.
  • 2026ko apirilaren 29an, aurreko eskaerari erantzunik eman ez zitzaionez, berriro eskatu genuen informazio bera. Bigarren eskaera horrek ere ez zuen erantzunik jaso.
  • 2026ko urrian, udaleko oposizioak emandako informazioaren bidez, guk jakin genuen udalak estalkiaren kokapenari buruzko erabakia hartua zuela eta proiektua idazteko kontratazioaren lizitazioa prestatzen ari zela. Hori guztia, guri aurrez inolako azalpenik eman gabe.
  • 2026ko urriaren 8ko osoko bilkuran, alkateak adierazi zuen estalkiaren kokapena erabakitzeko orduan hainbat irizpide hartu zituztela kontuan, besteak beste, etxebizitzekiko gertutasuna eta zaratak izan zezakeen eragina. Hala ere, udalak ez du auzoan beste bilerarik egin, ezta gurekin harremanik izan ere, eta, dakigunez, ez dago erabakia justifikatzen duen txosten teknikorik. Gainera, alkateak berak osoko bilkuran argi adierazi zuen proiektua landu ondoren bertaratuko zela auzora, eta ez aurretik.

Hartara, estalkiaren aferak eztabaidak sortu baditu ere, desadostasunaren muina proiektua bideratzeko moduan dago: informazio falta, komunikazio eskasa, parte hartze mugatua eta erabakiak auzotarrekin behar bezala partekatu gabe hartzea.

2. Gure salaketa: komunikazio falta eta benetako parte hartzerik eza

Azaldutako gertakariek agerian uzten dute, gure iritziz, udalak ez duela auzoarekin benetako elkarrizketa eta lankidetza sustatzeko borondaterik erakutsi estalkiaren proiektuaren inguruan.

Bereziki larria iruditzen zaigu udalaren erregistroaren bidez aurkeztutako informazio eskaerei inolako erantzunik eman ez izana. Ez dugu uste jokabide hori onargarria denik, ez erakunde publiko baten jardunean, ezta udalaren eta urte luzez auzoaren alde lanean aritu den bizilagun elkarte baten arteko harremanean ere. Gure ustez, erantzunik ez ematea errespetu falta da, eta erakundeen eta herritarren arteko konfiantza ahultzen du.

Era berean, ez dugu ulertzen zergatik ez gaituen udalak solaskide gisa aitortzen auzoari zuzenean eragiten dioten hirigintza proiektuetan. Guk urteetako ibilbidea dugu, auzotarren beharrak eta kezkak jasotzen ditugu eta auzoaren aldeko ekimenak sustatzen ditugu.

Azpimarratu nahi dugu, halaber, egoera hori ez dela udaleko arlo guztiekin gertatzen. Jai, zerbitzu eta kultura arloetako arduradun politiko eta teknikoekin harreman ona, errespetuzkoa eta lankidetzan oinarritutakoa dugu. Aldiz, hirigintza eta parte hartze arloetako arduradun politikoekin harremana oso bestelakoa da.

Horren aurrean, ezinbestean sortzen zaizkigu hainbat galdera: zergatik ez da posible arlo horietan gainerako udal zerbitzuekin dugun lankidetza bera izatea? Zergatik ez gaituzte solaskide gisa aitortzen? Zein da jarrera desberdin horren arrazoia?

Estalkiaren inguruko parte hartze prozesuari dagokionez, hainbat gabezia nabarmendu nahi ditugu:

  • Informazio falta. Ez zaizkigu behar bezala azaldu proiektuaren aukerak, kokapena erabakitzeko irizpideak eta erabakiaren oinarri diren azterketa teknikoak.
  • Parte hartze mugatua. Prozesua formatu itxian garatu da, eta ez da behar beste aukerarik eskaini auzotarren proposamenak eztabaidatzeko eta aukera ezberdinak elkarrekin aztertzeko.
  • Bozketaren emaitzen inguruko argitasunik eza. Kokapenari buruzko bozketan berdinketa gertatu arren, ez zaigu azaldu zein irizpideren arabera hautatu den azken kokapena.
  • Gardentasun eta komunikazio falta. Guk ez dugu eskatutako informazioa jaso, eta proiektuaren aurrerapenen berri zeharka izan dugu, Udalaren komunikazio zuzenaren bidez jaso beharrean.
  • Erabakiak hartzeko modua. Udalak proiektua zehazten jarraitu du, auzotarrekin aurrezko kontrasterako eta elkarrizketarako aukerak behar bezala bermatu gabe.

Gure ustez, parte hartzea ez da herritarrei informazioa ematera edo aukera itxien artean bozkatzera mugatu behar. Benetako parte hartzeak informazioa partekatzea, proposamenak entzutea, aukerak eztabaidatzea eta hartutako erabakiak arrazoitzea eskatzen du. 

Zabaletan urteak daramatzagu auzo komunitatea eraikitzen, auzotarren arteko harremanak sendotzen eta elkarrekin ekimenak antolatzen. Lan hori guztia borondatez eta auzoarekiko konpromisoz egiten dugu, eta horretan jarraitzeko asmo sendoa dugu.

Horregatik, ez dugu onartzen auzoaren etorkizunean eragin zuzena duten erabakiak hartzerakoan gure lana eta ekarpenak bazterrean uztea.

3. Gure eskaera: elkarrizketa eta gardentasuna

Azaldutako guztia kontuan hartuta, Zabaletako Auzo Elkarteak bilera bat egiteko eskaera luzatzen diogu Lasarte-Oriako alkateari, estalkiaren proiektuaren egoera argitzeko eta udalaren eta gure arteko harremana bideratzeko. 

Berriro adierazi nahi dugu udalarekin elkarlanean aritzeko prest gaudela, orain arte beste hainbat arlotan egin dugun bezala.

Ez dugu konfrontaziorik bilatzen, ezta estalkiaren proiektua oztopatu nahi ere. Aitzitik, auzoaren beharrei erantzungo dien proiektu egoki bat gauzatzea nahi dugu, gardentasunez, elkarrizketaren bidez eta auzotarren iritziak benetan kontuan hartuta.