Etorkizunean entrenatzaile izango diren pertsonak haztea, trebatzea eta laguntzea dira Mikel Etxarri Entrenatzaileen Eskolan lanean ari diren pertsonen helburua. Norabide horretan, pasa den astean Deustuko Unibertsitatean egindako ekitaldiak indarra eman die buru-belarri lanean jarraitzeko.
Berriki hil den Jesus de Miguel jokalaria oroituta ekin zioten jarduerari; minutu bateko isilune hunkigarria egin zuten. Ondoren, iragarri zuten eskolak Mikel Etxarri prestatzaile lasarteoriatarraren izena izango duela aurrerantzean, entrenatzaile beteranoari urteotan guztiotan egindako lana aitortzeko. Halaber, zentroaren "nortasun berria" islatuko duen logotipoaren berri eman zuten.
Ondoren, eskolaren zuzendariak hartu zuen hitza, Josu Zubiak. Aurrerapenetan, bilakaeran eta hazkundean jarri zuen fokua eta jakinarazi zuen gaur-gaurkoz 370 ikasle ari direla entrenatzaile izateko trebatzen. Horietako baten baino gehiagoren erreferentea, ziur asko, Jagoba Arrasate izango da, EA Sports Ligan konpetitzen ari den Osasuna eta gizonezkoen Euskal Selekzioa prestatzen dituena. Nerea Zusberroren gidaritzapean mahai ingurua aurrera eraman zuten eta hausnarketa interesgarriak trukatu zituzten parte hartu zuten guztiek.
Eguna amaitzeko luntxa egin zuten eta futbolarekiko duten grina partekatu zuten ekitaldira bertaratutakoek.

