Inklusioaren eta aniztasunaren elkargune bihurtuko da Okendo plaza

Txintxarri Aldizkaria

Azaroaren 14an, larunbatean, egingo da II. Jardunaldi Inklusiboa, 'Aniztasunaren aztarnak' lelopean. 

II. Jardunaldi Inklusiboa egingo da larunbatean, azaroaren 14an, Okendo plazan eta haren inguruan. Ekimena 09:30etik 14:00tara egingo da "Aniztasunaren aztarnak" lelopean.

Lasarte-Oriako Udaleko Kirol eta Gizarte Zerbitzuek II. Jardunaldi Inklusiboa antolatu dute azaroaren 14an. 'Aniztasunaren aztarnak' lelopean egingo da Okendo plazan eta haren inguruan, 09:30etik 14:00tara. Gizarte-inklusioa sustatuko du jardunaldiak. Era berean, helburu izango ditu aniztasuna ikusaraztea eta adin, gaitasun eta jatorri desberdinetako pertsonen arteko aukeren berdintasuna, parte hartzea eta bizikidetza bultzatzea. Herritar guztiei irekitako ekimena da, eta kirol jarduera, gizarte eta aisialdirako proposamenak eskainiko ditu.  

Jardunaldi Inklusiboak Lasarte-Oriako Inklusio Mahaiak egindako lanean du jatorria. Udaleko eta gizarte-, osasun-, hezkuntza- eta lan-arloko hainbat zerbitzuek eta erakundeek osatzen dute elkagune hori. Esate baterako; udal ordezkariek, Lanbidek, Osakidetzak, Ondarretako Osasun Mentaleko Zentroak, Helduen Hezkuntzarako Zentroak (EPA) eta EAGI Eraikuntza Eskolak. Gune honek helburu du baliabideak koordinatzea, esperientziak partekatzea eta laneratzea, baita aukeren berdintasuna eta pertsona guztiek udalerriko bizitzan parte hartzea sustatzeko ekimenak bultzatzea ere. 

Roberto Ramajo Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendariak ekimenaren garrantzia azpimarratu du jardunaldiak kirolaren irisgarritasunetik gizarte inklusiora hausnartzeko aukera emango baitu. Bere ondotik, herritar eta gipuzkoar guztiak bertaratzera animatu ditu. 

Lehen edizioaren gainean eraikita

2025ean ospatu zen lehen aldiz jardunaldia. Harrera beroa izan zuen ekitaldiak. Lehen edizoari jarraituta, Goizalde Pildainek jakinari du kirolak inklusioa susatzeko indarraz baliatu direla, beste behin: "Iaz lehen urratsak egin genituen, eta aurten bide horretan aurrera egiten jarraitu nahi dugu". Hori dela-eta, irisgarritasun unibertsaleko martxa inklusiboaz gain, proposamen gehiago ekarriko ditu larunbateko ekitaldiak.

Ibilbidea 09:30etan abiatuko da Okendo plazatik, eta oztoporik gabeko ibilbidea egingo du Benedika mendiaren tontorretik gertu igaro eta abiapuntura itzuli arte. Lasarte-Oriako Upsala mendi-taldeak, Garaiona Elkarteak eta Udalak antolatuko dute jarduera hau. 

Antolatzaileek jakinarazi dute 08:30ean hasiko direla kamisetak banatzen, eta 09:15ean egingo dietela harrera parte hartzaileei. Aurreikusi dute 12:30ak aldera ailegatuko dira enparatzara. Uharteko Zanpantzarrek girotuko dute helmugaratzea. Izena emateko, Kronoak.com webgunea ipini dute eskuragarri. Inskribatzeko aukera jardunaldiaren egunera arte luzatuko da. Gehitzeko, ibilbidea ikusgai izango da, Wikiloc aplikazioan. 

Martxa inklusiboarekin batera, kirol egokituko hainbat ariketa egingo dira. Izan ere, slamoma eta boccia antolatuko ditu Ostadarrek. Esgrima egokitua, C.D. Fortunak, eta mahai-tenis egokitua Irungo Lekanea klubak. Azkenik, 3x3 saskibaloi partidak prestatuko ditu Basket Kaleak taldeak. 

Horrekin guztiarekin batera, haurrentzako eta familientzako jolasentzako gune bat prestatuko dute jolas kooperatiboekin, inklusiboekin eta kulturartekoekin: txaurrekin lagundutako terapia, musika eta Ritmo Activo taldearen eskutik dantza, besteak beste. 

Jarduera guztiak doakoak izango dira, eta euria eginez gero, aurreikusitako egitarauari eutsiko zaio. Dena den, udal kiroldegiaren ondoko frontoira lekualdatuko dira jarduerak. 

Erakunde parte hartzaileak 

Elkarte eta erakunde ugariren inplikazioa izango da bigarren edizio honen ezaugarrietako bat. Honako hauek izango dira erakunde horiek: Ortzadar, Begi-Sare, Aspanogi, Acabe, Domus, Andade, Izan Inurri, DYA, Hegalak, Lekanea, Fortuna, Basket Kalea, Ostadar, EDE Fundazioa, Lasarte-Oriako Lanbideren bulegoa eta anbulatorioa, Ondarretako Osasun Mentalerako Zentroa, Lasarte-Oriako EPA eta EAGI Eraikuntza Eskola, eta abar. 

Hirugarren sektore sozialeko elkarte eta erakunde horiek euren lana ezagutarazteko aukera izan dute, larunbatean zehar. Arean ere, Okendo plazako arkupetan ipiniko dira. 

Gida berria 

Ekimen honen baitan, Inklusio Gida berria egin da Lasarte-Oriako Inklusio Mahaiaren elkarlanari esker. Txosten horrek xede du udalerrira iritsi berri diren pertsonei informazioa eta orientazioa eskaintzeaz gain, herriko bizitzan parte hartzea errazteko baliabide publikoak gerturatzea. Horrenbestez, Lasarte-Oriako zerbitzuei eta baliabideei buruzko informazio praktikoa jasotzen du, hala nola; gizarte-zerbitzuen, enpleguaren eta prestakuntzaren, berdintasunaren eta osasun-arretaren eta osasun mentalaren ingurukoa. 

Gidaren 1000 ale argitaratuko dira, eta gainera, herritarrentzako arreta-gunetan ere eskura izango dira, hots, Lasarte-Oriako anbulategian; Helduen Hezkuntzako Zentroan eta Osasun Mentaleko Zentroan, hain zuzen. 

Inklsuio Gida berriaren lanketa hauspotu nahi izan du Lourdes Acevedo Gizarte-Zerbitzuetako zinegotziak: "Inklusioa neurri zehatzen bidez eraikitzen da. Gida hau pertsona guztiek, berezi gure udalerrira iristen direnek eskura dituzten zerbitzuak eta baliabideak ezagutzeko sortu da, baita laguntza behar dutenean nora jo jakiteko ere". Horrekin batera, elkarteen eta erakundeen inplikazioa balioetsi du Acevedok.