Hitzorduari ekin aurretik, eszenatoki gainean ipinita ziren Xumela Abesbatzako lagunak. Bi mailako harmailuan kolokatuta egin diete harrera euren senideei eta lagunei. Alboan izan dituzte Zarauzko Montetxio eta Hondarribiko Olgarro koruak; ezkerrean eta eskuinean, hurrenez hurren. Joxe Mari Agirretxe eta Aiora Zulaika aritu dira dinamizatzaile lanetan. Serigne Lo musikari senegaldarrak erritmoa ipini dio ospakizunari. Salbuespenak kenduta, interpretaturiko abesti guztiak Josu Txapartegi Txapas-ek ondutakoak izan dira.
Zorionak zuri abestia denok batera kantatu diote Xumelari, eta horrela eman diote hasiera ospakizunari. Ondoren, Aiora Zulaikak eta Anoetako haurrek hartu dute mikrofonoa. Askotariko instrumentuak edota ahotsak, ederki aritu dira Tolosaldeako gaztetxoak.
Jarraian, aparteko gonbidatuak izan dituzte bidelagun. Hasteko, Ramon Agirre aktoreak abesti bat kantatu du Josu Txapartegi Txapas-ekin batera. Segidan, abesbatza honen kantu kuttunenetakoarekin gozatzera animatu da Agirre, hots, epo itai ta ye mitikoarekin.
Haren ondotik, Olaia Inziarte abeslari nafarrak hartu du mikrofonoa. Bertan zelarik aprobetxatuta, bere bi kantu abestera animatu da Inziarte; Kontatuko banizu eta bere amatxi Maria Jesusi dedikatutako MJ, hain zuzen.
Oronozkoaren ondoren, abesbatza gonbidatuek hartu dute hitza, eta horien atzetik, Jon Maia Soriak. Hark Benito Lertxundiren Itsasoari begira interpretatu du koruekin batera, baita Ken Zazpiri Maiak berak idatzitako Itsasoa gara ere. Pare bat bertso botatzera ere ausartu da. Hizpide izan ditu ospakizuna, gonbidatutako koruak, eta nola ez, Xumela.
Denok batera abestuz eta algaran amaitu dute ordubete eta erdi iraun duen ospakizuna. Bizitako momentu ederra gogoratzeko talde argazkia atera, eta Usurbilgo Atxega jatetxera joan dira jaki eta konpainia ederraz disfrutatzera.
Prestasunari eta ibilbideari aitortza
Xumela koruaren sorreran izandako garrantziagatik, baita hogei urte hauetan egindako lanagatik, aitortza egin diote Txapas-i. Horretarako, bere emazte Mariaje ere oholtzaratu da. Koruko partaide Felix Telleriak agurra dantzatu die Aiora Zulaikak txistua jo dien bitartean. Gainera, kamelia landare bat oparitu diete bikoteari "lore bana usaintzean, Xumelako lagun bakoitzarekin gogoratzeko".