Desberdintasun sozialak geroz eta nabarmenagoak diren mundu honetan, asko dira bazterrean bizi diren pertsonak. Azken hilabeteetan, ohiartzun berezia hartu du gaiak, besteak beste, kaleko afari solidarioak debekatu direlako, migratzaileen aurkako erasoak areagotu direlako edo alternatiba alojatiborik gabeko pertsonak bizi ziren eraikinetatik desalojatu dituztelako. Baina, zer dago titular horien atzean? Zergaitik bizi da hainbeste jende soka gainean? Zein da bazterkeria egoeran dauden pertsonek bizi duten errealitatea? Nola eraiki dezakegu denontzako bizigarria izango den Euskal Herri bat?
Galdera horiei eta gehiagori erantzun asmoz, Felix Arrieta (Politologoa eta Deusto unibertsitateko irakaslea), Jose Barreiro (Gizarte Langilea eta gizarte ekintza testuinguruetako gainbegiratzailea) eta Malak Lazaar (Gizarte Langilea eta BIZI-Lagunak elkarteko lehendakaria) gonbidatuko ditu Borobilean Elkarteak. Saioa edonorentzat irekia dela jakinarazi dute.