Geldialdia egin du herrian zientzia lasarteoriatarrengana hurbiltzeko ekimenak

Txintxarri Aldizkaria

Hilaren 6an eta 7an jasoko du 'Kapsula Zientifikoa' esperientzia interaktiboa Lasarte-Oriak. 

Dibulgazio zientifikoko kanpaina ibiltaria da 'Kapsula Kuantikoa'. Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzak bultzatutako jarduera da. 

Fisika eta teknologia kuantikoak herritarrengana gerturatzeko asmoz, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udalerri bisitatuko ditu Kapsula Kuantikoa iniziatibak. Hilaren 6tik 7ra, Lasarte-Orian egingo du geldialdia, Askatasunaren parkean.

Unitate mugikor eta modernoa da Kapsula Kuantikoa. Antolatzaileek jakinarazi dutenaren arabera, bertan, fisika kuantikoaren oinarrizko printzipioak eta egunerokorako aplikazioak ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Horretarako, ikus-entzunezkoez baliatuko dituzte, baita instalazio interaktiboak ere. 

Taldeentzako bisita gidatuak doakoak izango dira. 50 minutuko iraupena izango dute, eta gehienez 25 lagunek parte hartu ahal dute, aldi berean. Hezitzaileek gidatuko dituzte saio bakoitzak. Bisita erreserbatzeko, Info@kuantika.eus helbide elektronikora idatzi edota 945-18 97 36 telefono zenbakira deitu behar da. 

Zientziarako sarbidea erraztea du helburu ekimen honek; jakin-mina eragitea eta ezagutza zientifikoa orotariko adineko eta egoerako pertsonengana ailegatu daitekeela. Hori dela-eta, aintzat hartu dira dibulgazio zientifikoko jardueretan parte hartzeko zailtasun handiak, jarduera ontzean.