Idatzi hau sortzeko beharra, jakin berri dugun gertakari baten ondorio da: gaurtik aurrera, herriko zenbait espazio publiko erreserbatzeko diru kopuru bat ordaindu behar dela ikusi baitugu. Izan ere, udalaren ordenantza fiskalaren arabera, Kultur etxeko eta Mertxero eremuko erabilera anitzeko aretoen prezio publikoa, 55,27 eurokoa da orduko, eta bilkura-gelena 12,44 eurokoa.
Horrek agerian uzten du herritarren eta herriko eragileen antolakuntza, baldintza ekonomikoen menpe geratzen dela, nahiz eta irabazi asmorik gabeko jarduerak izan. Azken finean, herriko espazio publikoak pribatizatzeko beste modu bat baina ez baita neurri hau. Gainera, eremu hauen erabilerarako baldintzak argiak dira: bertan garaturiko jarduerak izaera kulturala, kirolezkoa, soziala ala hezkuntzazkoa eduki beharko du. Gainontzeko auziak espazio publikoetatik at utziz; adibidez, kutsu politikoa lukeen edozer.
Lasarte-Oriako espazio publikoen erabileraren auzia are larriagoa bihurtzen du horrek, eragile zein herritar orori eragiten baitio aldaketa honek; eta ez gazteoi soilik. Hala adierazi zen pasa den urrian ospatu genuen Euskararen Maratoian, herriko zenbait entitatek gabezia mahaigaineratu zuenean: esaterako, herriko kultura sortzaileek plazaratutako manifestuan, lehen gabezia zen espazioari lotutako auzia, “eskuragarri dagoenak gainezka egiten duela” aldarrikatu baitzuten eta herritik atera edota espazio pribatuetara jotzea besterik ez dutela izaten.
Horri guztiari beste kezka bat gehitu behar diogu: espazio publikoak erabiltzeko eskaeren ebazpenetan irizpide argi, garden eta berdinak bermatzen al dira? Nork erabakitzen du zein ekimenek duten espazio horiek erabiltzeko aukera? Zein irizpideren arabera? Herritarren ekimenek ezin dute politikaren, ideologiaren edo udal gobernuarekiko gertutasunaren araberako tratua jaso. Espazio publikoak guztionak badira, erabilera baldintzak ere gardenak eta berdintasunezkoak izan behar dira. Herritar guztiek aukera bera eduki behar dute beren ekimenak aurrera eramateko, eta udalaren ardura da horretarako baldintzak bermatzea.
Lotsagarria da herriko espazio publikoak erabiltzeko diru kopuru bat eskatzea eta are lotsagarriagoa behin eta berriro egiten ari garen eskaerei ez ikusiarena egitea. Herritarrak gara, lasarteoriatarrak, eta hala garen heinean Lasarte-Oriako udalaren betebeharra izan beharko litzateke esateko daukaguna entzun eta dialogatzeko aukera ematea. Ez gara isilik geratuko eta erantzun egingo dugu!