Emakumeen Etxeko araudia osatzeko ekarpenak jaso nahi dituzte

Txintxarri Aldizkaria

Emakumeen Etxearen antolaketa eta funtzionamendua arautzeko prozesua abiatu du Lasarte-Oriako Udalak eta jakinarazi du norbanakoek zein elkarteek abenduaren 1era arteko epea izango dutela horren gaineko proposamenak eta iradokizunak helarazteko. Parte hartu nahi dutenek udalaren erregistro orokorra erabil dezakete edo bestela berdintasuna@lasarte-oria.eus helbide elektronikoa idatzi behar dute. Helarazi nahi dituzten ekarpenak aurkezterakoan euren buruak edo erakundea zein den zehaztu beharko dute.

Herritarren eta eragileen parte hartzearekin udalak osatu nahi duen araudiak zehaztuko ditu gunearen antolaketa, funtzionamendua, sarbidea eta erabilera, baita bertan garatuko dituzten jarduerak, programak eta zerbitzuak ere.