Gogor borrokatutako puntuak amaieran ihes egin die hori-beltzei

Txintxarri Aldizkaria

Ostiral iluntzeek areto futbol zaporea izaten dute Maialen Chourraut kiroldegiko kantxan. Zaleek gozatutako azken partida Ohorezko Mailakoa izan zen: Eguzki Arkupe Rehabilitaciones eta Janrablue aritu ziren aurrez aurre, 60 minutuen ostean puntuak nork poltsikoratuko. Bi taldeak ale banarekin konformatu beharko zutela zirudienean, kanpokoek bi gol sartu zituzten eta garaipena eraman zuten Tolosara: 3-5.

Hori-beltzak indartsu hasi ziren eta 8. minuturako 2-0 aurreratu ziren; Aitor Arcok eta Ibai Anguianok zulatu zuten aurkarien atea. Kolpe bikoitz horren aurrean Janrabluekoak ez ziren kikildu eta hiru minutu geroago murriztu zuten aldea. Atsedenaldia iristear zela beste gol bat sartu eta binakoarekin amaitu zen aurreneko zatia. 

Bigarrenaren hasiera ez zen horren mugitua izan eta markagailuko aldaketak amaierako minutuetarako utzi zituzten ekipo bateko zein besteko jokalariek. 2-3 aurreratu ziren tolosarrak baina etxekoek ez zuten amore eman eta hiru minuturen faltan berdindu zuten partida. Esan bezala, bazirudien horrela bukatuko zela baina Janrabluek prest zuen dena lehertuko zuen amaierako traka: gol itxurako bi suziri jaurti eta 3-5 gailendu zen azkenean. 

Helduen kategorietako beste ordezkariak, Eguzki ISU Leihoak-ek, 3-2 galdu zuen Lauburu Ibarraren aurka. Nazional Ligako Ohorezko Jubeniletan, berriz, garaipen bikaina erdietsi zuen Eguzki CORPAChef-ek; 3-4 garaitu zuen Gora CD. 

Gazteen Mailan 2-3 galdu zuen Eguzki Avenidak, Laskorainen aurka. Kadeteetako bi ordezkariak, berriz, pozarren daude, bitik bi neurketa irabazita: Eguzki Escalerilla taberna 7-2 Orixe Tolosala eta Makax 2-3 Eguzki Urarte Berri izan ziren emaitzak.