Irudimenarekin sortutakoa literaturaren bidez adierazteko garaia iritsi da

Txintxarri Aldizkaria

Iazko edizioko saritu ugari, udal ordezkariekin.

Ideiak eta sentimenduak literaturaren bidez adierazten jarraitzeko deia egin du Lasarte-Oriako Udalak eta horretarako antolatu du jarduera horren 40. edizioa. Batetik, haur eta gazteena, adinaren arabera euskarazko ipuinak eta olerkiak aurkezteko; eta bestetik, helduena, euskaraz nahiz gaztelaniaz poemak eta mikroipuinak aurkez ditzaten. Parte hartzeko epea berriki zabaldu dela iragartzeak esan nahi du sari banaketa ez dutela hilabete honetan egingo, datorren urteko apirilaren 23an baizik.

Hori horrela izanik, parte hartzeko asmoa dutenek denbora dute lanak prestatu eta aurkezteko. Haur eta gazteen mailan aritu ahalko dute udalerrian bizi edo ikasten duten 16 urtera arteko pertsonek. 2017an edo geroago jaiotakoak A taldera bideratuko dituzte; B multzoan ariko dira 2014tik 2016ra arte sortutakoak; eta, azkenik, C kategoriara bideratuko dituzte 2011 eta 2013 urte artekoak direnak. Lan guztiek izan beharko dute euskaraz idatzitakoak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Pieza guztien gaiak zein neurriak libreak izango direla zehaztu dute antolatzaileek.

Helduen kategorian, berriz, 16 urte edo gehiago dituztenek parte hartu ahalko dute, betiere Europar Batasuneko herrialderen batean bizi badira. Euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkez ditzakete lanak, muga hauek gainditu gabe: 300 lerroko olerkiak eta 1.500 hitzeko mikroipuinak (zuriuneak barne). Bai gaiekin bai neurriekin jolasteko aukera izango dute, biak ala biak baitira libreak. Partaide bakoitzak lan bakarra aurkez dezake modalitate bakoitzean, argitaletxeren batekin konpromisorik ez badu eta ebazteke dagoen beste lehiaketa batera aurkeztu ez bada. Aurreko edizioetan sariren bat irabazi dutenek ezin izango dute berriro parte hartu saritutako modalitate berean.

Lanak aurkezteko jarraibideak

Maila bakoitzeko idazleek PDF formatuan aurkeztu beharko dituzte lanak, A4 tamainan, Times New Roman letra motarekin; 11 puntuko letra eta tarte bikoitza erabili beharko dute. Fitxategiak helbide elektronikoz bidali beharko dituzte. Haur eta gazteen lanak, literatur.haurgazte2026@lasarte-oria.eus-era. Helduenak, euskarazkoak badira, literatur.lehiaketak2026@lasarte-oria.eus-era; eta, gaztelaniazkoak izatekotan, concursos.literarios2026@lasarte-oria.eus-era. Horretarako azken eguna abenduaren 22a izango da, asteartea.

Egileen anonimotasuna bermatzeko, titulo.pdf izeneko fitxategian lanaren izenburua eta testua baino ez dira agertuko, idazlea identifikatzeko daturik gabe. Horrez gain, izen emate orria bete eta beste PDF fitxategi batean erantsi beharko dute datu pertsonalak, harremanetarako datuak eta aukeratutako maila zein modalitatea adierazita. Helduek zehaztu beharko dute baita ere hizkuntza eta Lasarte-Oria sari berezira aurkeztu nahi duten ala ez.

Esan bezala, sariak datorren urteko apirilaren 23an banatuko dituzte. Diplomez gain, kopuru ekonomikoak jasoko dituzte idazle saridunek. Mailaren arabera, gehiago ala gutxiago. Haur eta gazteen mailan, hiru sari banatuko dira talde eta modalitate bakoitzean. Lehenengo saria 200 eurokoa izango da, bigarrena 150 eurokoa eta hirugarrena 100 eurokoa. 

Helduei, aldiz, 650 euroko zortzi sari emango dizkiete euskarazko eta gaztelaniazko poesia eta mikroipuin modalitateetan. Horietatik lau Lasarte-Oria sari bereziak izango dira, udalerrian erroldatuta dauden 16 eta 26 urte bitarteko pertsonentzat, bi adin horiek barne.