Iritzia aurrez aurre ematea nahiago dutenek udalaren bost eraikin hauetako postontzietara joan behar dute: Emakumeen Etxea, Gaztelekua, Maialen Chourraut kiroldegia, Manuel Lekuona Kultur Etxea edo udaletxe zaharreko arkupeak. Boto txartelak ez dituzte etxez etxe banatuko eta aipatu toki horietan jarriko dituzte herritarren eskura. Betetzerakoan, bost gaietako bat aukeratu eta NAN zenbakia zein den adierazi beharko dute.
Abiapuntua, 142 gairekin
Botoa ematearena udalak sustatutako parte hartze prozesuaren hirugarren eta azken fasea da. Aurrenekoan 142 proposamenekin abiatu ziren eta horietatik 68 aukeratu zituzten. Bigarren fasean konpartsekin elkartu ziren eta gai horiek guztiak helarazi zizkieten, bost aukera zitzaten.