Dozenaka herritarrek bat egin dute Sare Herritarrak antolatutako mobilizazioarekin. Ohiko legez, San Pedro elizatik abiatu dira eta Okendo plazara ailegatu. Manifestua leitzearekin batera amaitu da hitzordua.
Adierazi dute euskal presoen, iheslarien eta deportatuen auziak egun eta aste "gorabeheratsuak" bizi dituela. Horren erakusletzat jo dute azkenaldian zaintza epaitegitik eta Entzutegi Nazionaletik emandako errekurtsoak. Euren esanetan, "mendekutik" dute erabaki horiek, eta inolako oinarri juridikorik ez. Era berean, salatu dute egoera "gertuen eta hobekien" ezagutzen duten profesionalei "muzin egin" eta euskal gizartearen beharretan islatutako konponbidea oztopatzen dihardutela.
Gogoratu dute ETAk bere jarduera eten zuela 15 urte bete direla, eta "anakronikotzat" jotzen dutela azken asteotako errekurtso eta erregresioak. Horrekin batera, berretsi dute "elkarbizitza agertokiak helburu, konponbidearen eta bakearen aldeko lanen eta neurrietan" jarraitzen dutela. Hori ez ezik, aintzat hartu dute oinarri juridikorik gabeko eta mendeku gosez hartutako erabakiek "euskal gizartearen nahiaren aurka" lerratzen direla.
Hauteskunde ziklo bete-betean sartuta gaudeneko honetan, jakinarazi dute deia egin dietela espainiar eta frantziar estatuko administrazioei "arduraz jokatzeko. Aldarrikatu dute "aurrerapausoen garaia" dela, eta ez "iraganeko agertokiak elikatzekoa". Ildo beretik, azpimarratu dute hauteskundeen emaitza dena delarik ere, euskal gizarteak ugaritan oihuztatu duela "prest" dagoela konponbidea eskuratzeko: "Nahi hori errespetatzeaz gain, salbuespenean mantendu baino, euskal presto, iheslari eta deportatuen auziaren konponbidean fokua jarriko duten instituzioen beharra da aldarrikatzen duguna".
Mobilizazioarekin amaitzeko, datozen hilabeteetan, "gizartearen kohesioaren" alde egiten jarraituko dutela bermatu dute, eta argi dute "helmuga" hitza erabiltzean, ez direla "sinbolikoki" ari, baizik eta "sufrimendua gainditu" eta euskal presorik, iheslaririk eta deportaturik gabeko Euskal Herria "eskuratzeaz".