Dozenaka pertsona bertaratu ziren Antonio Mercero aretora urriaren 28an, ASVIAMIE amiantoaren biktimen Euskadiko elkarteak antolatutako hitzaldira. Illarramendik hartu zuen hitza, lan osasunaren aldeko ekintzaileak, egoera zer-nolakoa den argi eta garbi azaltzeko. Aurreneko unetik lotu zituen amiantoa, beruna eta lan inguruneetan topa daitezkeen substantzia gehiago minbiziekin eta bestelako gaixotasunekin, hala nola berak pairatzen duen asbestosia edota biriketako fibrosia. "Euskal Herrian 8.000 bat heriotza eragiten dituzte urtean lanarekin zerikusia duten minbiziek eta Gizarte Segurantzak 119 besterik ez ditu aitortzen. Izugarria da aldea".
Horri lotuta eta horrelako kasuek izan duten bilakaera ikusita, aitortu zuen "gaizki pentsatzera" ohituta dagoela eta tamalez asmatu egiten duela: "Gizarte Segurantzakoek ahalik eta gehien luzatzen dituzte gure eskaerek eragindako prozesuak, amaitu baino lehen hil gaitezen". Horren aurrean, nabarmendu zuen geldi eta isilik geratzea ez dela aukera bat: "Ez bagara mugitzen eta ez badugu ezer egiten ez dugu inolako aukerarik izango. Prest nago nigana etortzen diren pertsona guztiei tramiteak egiten laguntzeko eta amiantoak kaltetutakoen zerrendan sartzeko". Jakinarazi zuen bera jubilatu zenean 5.000 pertsona zeudela Euskal Autonomia Erkidegoko multzoan. Bada, iaz 18.230 ziren eta adituak aurreikusten du urtea amaitzerako 19.000 baino areago izango direla. "Gero eta gehiago bagara, orduan eta zailagoa izango zaie beste aldera begiratzen jarraitzea". Norabide horretan, esan zuen langileek ez dietela utzi behar beraietaz barre egitea: "Eragindako kalteak ordaindu behar dituzte".
Bi dekretu
Gaur egungo egoera lazgarria izanik ere, etorkizuna argitzen lagundu dezaketen bi dekreturen berri eman zuen Illarramendik. Joan den ostiralean sartu zen indarrean horietako bat: "Amiantoak eragindako gaixotasun aitortuen zerrenda zabaldu dute eta aitortzen hasi dira zenbait minbizi, hala nola urdailekoa edo hesteetakoa. Izan ere, substantzia hori arnastu bakarrik ez, irentsi ere egin izan dugulako ogitartekoak jaterakoan, esate baterako".
Kontatu zuenez, beste dekretuan berunak eragindako gaixotasunei buruzko kontuak jasoko dituzte. "Substantzia horrekin kontaktuan egote hutsa kaltegarria izan daiteke osasunerako eta arazoak eragin ditzake gizakion birsortzeko gaitasunean, baita gure ondorengoei zenbait gaixotasun transmititzerakoan ere".