Oroitzeko eta aldarrikatzeko helburua du Mikel Etxaburu Osak idatzitako 'Manttalingo alaba' poema liburuak. Izan ere, Saturrarango kartzelan giltzapetuak izan ziren 4.000 bat emakumeak gogoratu eta aitortu nahi izan ditu ondarroako idazleak.
2024an publikatu zituen olerkiak Pamiela argitaletxearen eskutik. Gerora, sorta hori oinarri, emankizun musikatua eraiki du egileak hainbat artistarekin batera, eta Manuel Lekuona Kultur Etxean eskaini die lasarteoriatarrei, ostiral arratsaldean. Poesia, abestiak eta musika uztartuz; Jon Gardokik jotako akordeoiaren eta Irina Alvarezek interpretatutako biolinaren doinuez baliatu da, baita Nerea Zuloagak kantuz abestutako testuez ere. Mikel Etxaburu Osak ere parte hartu du errezital musikatu honetan.