Ziztu bizian igarotzen da urte bat musuz beteta dagoenean

Txintxarri Aldizkaria

'Muxu bete urte' proiektu berria aurkeztu dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots sudurgorri lasarteoriatarrek. Antonio Mercero aretoan egin dute agerraldia eta horien ondoan izan dira GurasoLandia egitasmoko familiak eta begiraleak

Pailazoen ondoan izan da Leire Bilbao idazlea ere, hain zuzen ere, pailazoen abentura berriaren lehen urratsa berak idatzi eta Maite Mutuberriak ilustratutako ipuin berria baita; azken hori ere bertan izan da. Musuen unibertsoa du abiapuntu lanak, eta galdera, jakin-min eta jolasez beteriko bidaia proposatzen die etxeko txikienei: zer  abiadura dute musuek? Zer zapore du marigorringo baten musuak? Musuak lapurtu  daitezke? Nora doaz airean geratzen diren musuak?  Haurrei, familiei eta sudurgorriak maite dituen orori zuzenduta dagoen proiektua dela ere nabarmendu dute protagonistek. 

Hori horrela, honako adierazpenak egin ditu Bilbaok proiektuaren aurkezpen agerraldian: “Badira denbora neurtzeko modu ezberdinak. Erlojuen segundo,  minutu eta orduekin zerikusirik ez dutenak. Kotxean bidaia luze batean leihatilatik begira  zenbatzen den denbora, itsasoan murgil egin eta uretan arrainen artean igarotzen dena,  hodeiak eta zuhaitzetako hostoak kontatzen ihes doana edo ametsetan ematen duguna. Batzuetan azkarregi eta beste batzuetan geldoegi joaten da denbora,  baina maite dituzunen artean gozoago doa da beti. Musuz bete ditzagun udazkena, negua, udaberria eta uda.  Musuz urtea eta bizitza. Musuekin gure lurra ere biraka jartzen delako, kantuan eta  dantzan. Eta gu berarekin". Hori horrela, musuz betetako urte bat zeinen bizkor igaro daitekeen ikasi dute bertaratu diren haurrek. 

Ipuina ere irakurri diete aretoan bildutako haur eta haien senideei sudurgorriek eta Leire Bilbaok, eta katuaren poesiatxoa ikasteko aukera ere izan dute gero. 

Musua naturari eta kulturari 

Gure kulturak naturarekin betidanik izan duen harreman estuaz ere mintzatu dira protagonistak. Urteko zikloek markatzen duten bizimoduaz, ospakizunez eta ohiturez aritu dira, hala nola, Inauteriez, Santa Agedaz,  udako solstizioaz, eta abar. Hala, azken urteotan, sarritan naturari bizkar emanda bizi garela ere ohartarazi dute pailazoek, eta horrekin batera  gure ohiturak ere aldatzen ari direla aipatu dute. Hori horrela, Musu bete urte proiektuak ohitura horiek gurera ekarri, biziberritu eta ospatzeko gonbita egin nahi du, gaur egungo begiradatik eta pailazoen umore, musika, dantza eta jolasen bidez. 

Urtaro bakoitzak bere musua izango du, eta pailazoek urte oso bat egingo dute naturarekin eta gure kulturarekin batera biraka. Ikuskizunean musika, antzerkia eta  tradizioa uztartuko dituzte, Marigorringoren laguntzarekin urtaroz urtaro munduak biraka  segi dezan. 

Katxiporreta Kooperatiba arduratu da ikuskizunaren gidoiaz eta produkzio artistikoaz Izaskun Forcadak sortu ditu koreografiak eta soinuaz eta bestelako efektuez Garikoitz Aranzabal arduratuko da. Aktore lanetan, berriz, Porrotx,  Marimotots, Pupu, Lore eta Marigorringo arituko  dira.

Azaroaren 20an erakutsiko du lehen aldiz pailazo taldeak proiektu berria. Eskoriatzan izango da lehen emanaldi hori, eta hrotik aurrera etorriko dira Euskal Herriko bestelako herri eta lekutan aurrera eramango dituztenak.

Kantu eta dantza

Ezin zen bestela; oraingoan ere pailazoak tarteko kantuan eta dantzan ere egin dute bertaratu diren haurrek. Epo itai tai ye eta Ikusi mendizalek abestiekin astindu dituzte gorputzak, giro eder bezain alaiean.

Liburu bana jaso du opari familia bakoitzak etxeratu aurretik. Pozik agurtu dute elkar.