Koru bat baino askoz gehiago bilakatu dira hogei urtetan: "Lagun kuadrilla bat"

Maddi Noriega Zaldua

Abesbatza soila baino gehiago, astelehenero elkar zaintzeko eta euskaraz gozatzeko sortutako komunitatea da Xumela. Hogei urteko ibilbide emankorra urratu du eta ospakizuna iragarri du.

 

Eragile baten hogei urteko bide urratzea ez da nolanahiko lorpena, are gutxiago proiektua herri ekimenetik, borondatezko lanetik eta hizkuntzaren aldeko grinetik jaiotzen denean. Ahalegin horretan sortu zen Xumela, herriko beste zenbait eragileren modu bertsuan, eta urte horietan guztietan aldiro-aldiro berretsi dute bizitza kantu bat dela eta kantatzen ez duenak zorionik ez duela. 

Gaur egun 60 kide inguru biltzen ditu taldeak astelehenero. Horietako gehienak emakumeak dira, 45 bat, eta gainerako hamabostak, berriz, gizonezkoak. Baina nola abiatu zen dena? Bada, horren gaineko xehetasunak eman ditu Joxe Mari Agirretxe Xumela eragilearen sortzaileetako batek. Kontatu du guztia abian jarri ahal izateko lehen deia Josu Txapartegi Txapas-i egin ziotela: "Koru bat muntatzeko zer behar zen galdetu genion, eta harengandik erantzun garbia jaso genuen; kantuak kolore guztiekin janzteko lau ahotsetara kantatuko zuen taldea behar zela esan zigun, eta horretarako gutxienez 35 laguneko taldea osatu behar zela". Hori horrela, garai hartan Landaberriko guraso elkarteko kidea zen Agirretxe, eta kide zen eragile horren eta Ttakun Kultur Elkartearen elkarlanari esker sortu zen hastapenetako taldea, hutsetik. Ordutik, nabarmen hazi da taldea eta astelehenero egin dituzte entseguan, etenik gabe. 

Astelehen bakoitza, ospakizun bat

Xumelaren bereizgarririk handiena komunitate izaera da; elkar zaintzen duen sare sendoa osatu dute. Hori argi dute eragile horretako partaideek, hala azaldu du koruko kide den Rosa Elizondok: "Xumela ez da abesbatza soil bat; kantuaren bueltan herritik sortutako lagun kuadrilla baizik".

Ladis Louvelli da beste taldekideetako bat. Bera, esaterako, Urnietatik Lasarte-Oriararako joan-etorria egiten du asteleheneroko entseguetara joateko: "Lehen elkar ezagutu ere ez genuen egiten, eta gaur egun lagun minak gara". Elizondo, taldeko solistetako bat da ere bada, eta aitortu du Xumelan hasi aurretik gutxi kantatzen zuela, "dutxan-edo tarteka". Egun, gainera, bakarlari gisa ere aritzen da noizean behin, eta horrela aritzeko konfidantza Xumelak eman dio: "Oraindik urduritzen naiz, ez pentsa, baina taldekideen babesarekin gustura egiten dut. Nik beti esaten diet bakarrik ez uzteko, babesa emateko eta horrela, munduaren amaieraraino. Kantuaz aparte, batak bestea zaintzen dugu hemen".

Zaintza eta elkartasun hori taldearen barruan zein kanpoan gauzatzen dela ere nabarmendu dute kideek. Xumelak beti erantzuten dio herriaren deiari. Santa Ageda bezperan aritzen dira kantuan, baita Zabaletako zein herriko San Pedro Jaietan ere. Korrika aurrera eramaten denean ere aritzen dira hango eta hemengo herriko bazterrak alaitzen, eta berriki ikusi ahal izan dugun bezala, Euskararen Maratoian ere bai, baita Bizi Poza taldearekin eta Errigorarekin zein bestelako elkartasun ekimenetan parte hartuz. 

Txapas eta Joxe Mari, ezinbesteko bi zutabe

Koruaren arrakastaren atzean funtsezko bi kide goraipatu dituzte parte hartzaileek. Txapas zuzendaria eta Joxe Mari Agirretxe sortzailea. Horietan lehenengoa, Zarauztik joaten da Lasarte-Oriara astero musika, kantu, hizkuntza eta komunitatearekiko maitasuna transmititzera. Aurten, gainera, 80 urte bete dituela kontatu du Agirretxek, eta oroitarazi, horietatik azken hogeiak Xumelari eskainita igaro dituela. Bestalde, Mari Jose Eizmendi koruko partaidearen hitzak bere egin dituzte gainerako taldekideek ere eta aho batez aitortu dute Joxe Marik ere hogei urte horietan guztietan egindako lana; nabarmendu dute bere bultzadarik gabe taldeak ez zukeela gaur egungo indarrik izango. Hala, taldeak behar bezala funtziona dezan egin beharreko beste zeinbait zeregin egiten dituzten kideak ere gogoan izan dituzte.

Ospakizun eguna: azaroaren 8a

Xumela Koruak urteurrena ospatzeko jai handi bat antolatu du datorren azaroaren 8rako. Ekitaldia Manuel Lekuona Kultur Etxean izango da 12:00etan, nahiz eta 11:30ean Jalgitik abiatuko diren (bertan egingo dute hamaiketakoa). Oholtza gainean Xumelarekin batera arituko dira hainbat gonbidatu berezi: Olaia Inziarte kantaria, Jon Maia bertsolaria, Ramon Agirre aktorea, Aiora Zulaika Pirritx Anoetako haurrekin Txapasen kantuak abestuz, Serigne Lo musikari senegaldarra eta urte luzez bidelagun izan dituzten Zarauzko Montxetxio eta Hondarribiko Olagarro koruak. Eguerdian bazkaria egingo dute Usurbilgo Atxega jauregian, eta, bazkalostean herrira itzuli eta eguraldiak laguntzen badu, kantu-jira herrikoia egingo dute arratsaldean. Jai horretarako sarrera doakoa den arren, ezinbestekoa da gonbidapena hartzea; azaroaren 2tik (astelehena) aurrera egongo dira eskuragarri Manuel Lekuona Kultur Etxean. Xumelako kideek herritar guztiak gonbidatu dituzte haiekin batera ospatzera, hogei urte kantuan, herrian eta euskaraz emandakoak ondo ospatzea merezi baitu.