Redondok eta Gallegok ederki ordezkatu dute Ostadar 20 urtez azpikoan

Txintxarri Aldizkaria

Eider Redondo (erdiko ilaran, eskuinetik hasita laugarrena), taldekideekin. BAT BIDASOA ATLETICO TALDEA

Ostadar Atletismo saileko kideak dagoeneko lehian dira. Lehiaketa eta kros lasterketen denboraldia hasi da eta talde urdin beltzeko kideak prest daude probei aurre egiteko. Lehenak pistara ateratzen Eider Redondo eta Irati Gallego izan dira. Ez dute Ostadarren izenean egin, ordea; Bidasoa Atletico Taldearekin (BAT) lehiatu ziren kluben arteko 20 urtez azpiko Espainiako txapelketan, hilaren 24an, Madrilen. Bidasoako taldeak A finalean parte hartu zuen eta 81 punturekin seigarren izan zen.

BAT taldearen filiala da Ostadar SKT eta, horregatik, urdin-beltzek euren harritxoa jarri zuten lehiaketan. Gallegok jauzi hirukoitzean parte hartu zuen. 10,78 metrotako jauziarekin bere marka ondu eta bosgarren postua eskuratu zuen atleta gazteak. Redondori dagokionez, 100 metro hesi proban zortzigarren izan zen, 16,52 segundoko marka eginda.

Nazioarteko krosa

Hurrengoak lokatzera ateratzen, Donostiako Nazioarteko krosean parte hartuko duten atletak izango dira. Azaroaren 1ean, igandearekin lehiatuko da proba Hipodromoan eta Ostadar SKTk ordezkaritza zabala aurkeztuko du; 35 kidek egingo dute korrika. 

Maila ezberdinetan izango dira lehian: benjamin, alebin, infantil eta federatuak. Eta euren onena emango dute Euskadiko Krossak proiektuko jardunaldian.

Beste herritarrik ere izango da pistan, hala nola Zumeatarrako Aimar Sukunza edo Mari Carmen Olaso beteranoa.

Teknifikazio saioa

Horretaz guztiaz gain, hilaren 30ean eta 31n, proba konbinatuetan dabiltzan kirolarien teknifikatzeko saioak eta hitzaldiak egingo dira Atsobakar kirol gunean.

Hector Gonzalez RFEAko arduraduna izango da jardunaldiak zuzentzen eta bisita berezi bat ere izango dute entrenamendu horietan parte hartzen duten kirolari zein Ostadar SKTko kideek: 2016ko Olinpiar Jokoetan altuera jauzian urrezko domina lortu zuen Ruth Beitia ezagutuko dute.

Korrikalariak, lehian

Krosa lehiatu zuten hilaren 25an herrian, baina izan zen beste probarik ere. Donostian Salto15 K eta 5 K proba jokatu ziren eta guztira hogei bat herritarrek parte hartu zuten. Proba luzean Endika Tudero (01.09.16) eta Mari Carmen Olaso (01.12.49) izan ziren lehenak. Patintzaileetan ere izan zen ordezkaririk, Javier Vargas (37.29).

Bestalde, Zornotzako krosean Zumeatarra taldeko Aimar Sukunzak 29.49 denbora behar izan zuen ibilbidea egiteko.