Giro ederra izan da Lasarte-Orian, larunbatean. Izan ere, Aterpeak antolatutako Udazken Festaren egun seinalatua izan da. Jolasak, musika, jatekoa, edatekoa, kontzertuak, bigarren eskuko azoka. Orotariko ekintzak eman dira, egun osoan zehar, erdigunetik hasi, Sasoetatik pasa eta Oriaraino. Dena den, programako protagonista txistorra jana izan da. Okendo plazan elkarturik, mokaduak banatu dituzte doan; nahieran, sagardoa edateko ere aukera izan dute lasarteoriatarrek. Horretarako, euro bat pagatu behar izan dute. Herritar mordoa bildu da enparantzan, eta Etxezarretatarren jaki guztiarekin amaitu dute.