Barre algaraka ekin diote Kukuka eskolako kideek euren 25. urteurrena ospatzeari, baita Beatriz Egizabal umorista lasarteoriatarraren 'Gregoria' ikuskizunaz gozatzera bertaratu diren dozenaka bizilagunek ere. Sistema heteropatriarkalari (horren barruko familia egituretan arreta berezia jarrita) eta feminismoari buruzko gogoeta zorrotzak uztartu ditu bere bizipen pertsonalekin. Hori guztia, nola ez, umoretik. Ordubete pasatxoko saioa laburra egin zaie bai protagonistari bai ikus-entzuleei eta kosta egin zaie elkar agurtzea, azken horiek ezin ziotelako ez Beatrizi ez Gregoriari txalo egiteari utzi.