San Pedro parrokia alboko Elizatze plazara edota auzoetan barrena dabilen furgoneta ibiltarira mila lagun joan direla azpimarratu dute udal ordezkariek. "Harrera ona izan du egitasmoak orain arte eta bukatu ez denez, parte hartzera eta zalantzak argitzera animatzen ditugu herritarrak".
Orain arte joan direnek galderak egin dituzte eta proposamenak helarazi dizkiete Artelatz enpresako langileei: hondakinak maizago biltzea, edukiontziak garbiago mantentzea, materia organikoa behar bezala bereizteagatik hobariak ezartzeko aukera aztertzea edota gizalegearen aurkako jokabideen aurrean kontrola eta zaintza indartzea.
Udal ordezkariek eskerrak eman dizkiete hondakinak "behar bezala" bereizten dituzten herritarrei, "eguneroko ohiturekin herriko emaitzak hobetzen laguntzen dutelako". Halaber, ariketa hori horrela egiten ez dutenei "ahalegin kolektibora" batzeko deia egin diete.