Urtetan atletismoko prestatzaile izan zen Castro. Landaberri ikastolan Santos Uriberekin batera aritu zen haurrei kirol horretako lehen urratsak erakusten. Michelineko atletismoko saileko arduradun izan zen 1995ean taldea desagertu zen arte. Atletismoan herrian errotzeko asmoarekin jarraitu nahian, Lasarte-Oria Kirol Elkartearekin (LOKE) bat egin zuen. Elkarte horretako zuzendaritzako kide, urtetan lehendakariorde izan zen, eta atletismo saileko lanekin uztartzen zuen Amaia Andres eta Oskar Goikoetxeari testigua eman zien arte.
Bizitzan eta kirol ibilbide horretan une gozoak zein gogorrak bizi izan zituen. Bere seme Enekoren heriotza, esate baterako. Horren omenez, urtetan Landaberri ikastolak Euskal Krosa antolatu zuen eta 2003 eta 2008 urte artean Lasarte-Oriako Milia ere jokatu zen. Castro sari banaketetan egon ohi zen.
Atletismoaz gain, bizikletan ibiltzea ere gustuko zuen herritarrak eta Michelin zein LOKEko zikloturista taldean aritu zen.
Lurrak goxo har dezala.