Azaroko greba orokorrari buruzko asanblada irekia egingo dute gaur

Txintxarri Aldizkaria

GKS eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista eragileek antolatu dute gaur arratsaldeko bilera irekia. 19:00etan elkartuko dira, Andatza plazan dagoen kioskoan.

Deialdia testuinguruan jartzeko asmoz mezu hau bidali dute deitzaileek TXINTXARRI aldizkariaren erredakziora:

“Azken urteotan jasanezina bihurtu da langileok etxebizitzaren arloan pairatzen dugun egoera. Alokairuen prezio neurrigabeak, etxegabetzeak, eta abar. Hori guztia, gainera, espekulatzaileen irabaziak esponentzialki handitzearekin batera. Egoera itogarria da, eta ezin dugu horrela jarraitu. Hain zuzen ere, horren harira, greba orokorra deitu dute Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek (tartean, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak). Azaroaren 11n kaleak hartuko ditugu, egoera hau jasanezina dela aldarrikatzeko eta hiru ideia garbiren bueltan: espekulatzaileen espropiazioa, espekulazioaren debekua eta etxebizitza eraikuntzaren planifikazioa.

Greba orokorraren atarian, gaur, hilak 22, arratsaldeko 19:00etan, asanblada irekia deitu dugu GKSko kideok, azaroaren 11ko giroan murgiltzen hasteko eta egun horretarako asmoak osatzen joateko.
Batu zaitez grebaren asanbladara!
A11, GREBA OROKORRA!”