LOTMEk, neguko goi mailako mendi irteera Frondiellasen

Txintxarri Aldizkaria

LOTMEko hamalau kideak, Frondiellas gailurrean. Arg.: LOTME.

Lasarte-Oria Trail Mendi Elkateko (LOTME) hamalau kidek Frondiellas (3.071 m.) gailurra egin zuten. Hilaren 17an eta 18an, Aragoiko Pirinioak izan ziren LOTMEko kideen helmuga; bertan goi mailako mendi ibilbidea egin zuten

Bi etapako bidea izan zen eta neguko igoera baten osagaiak izan zituzten: hotza, elurra zein izotza.

Lehenean La Sarrako urtegitik Respomuso aterpetxera iritsi ziren. Horretarako zortzi kilometro egin zituzten eta 800 metroko desnibel positiboa gainditu zuten. LOTMEko kideek adierazi dutenez, zerua guztiz estalita egon arren, euririk ez zuen egin. Hala ere, tenperaturen beherakada nabarmena izan zela onartu dute.

Bigarren egunean, Respomusoko aterpetxea – Frondiellas gailurra – Arrielesko iboia – La Sarrako urtegia zen ibilbidea. Guztira hiru kilometroko ibilbidea zen gailurrera igotzeko, baina 1.100 metroko desnibel positiboari egin zioten aurre.

LOTMEko kideak, Respomusoko aterpetxe ondoan. Arg.: LOTME.

Gainera tenperatura hotza zela adierazi dute LOTMEko kideek eta gainera, gune tekniko eta delikatuena den gailurrerako sarbide kanalean elur eta izotz metaketak neurriak zorroztera eta eremu horri arreta bereziz aurre egitera behartu zituela jakitera eman dute.

Gailurrean Pirinioen ikuspegi bikaina izan zuten eta argazkia egin ostean, indarrak berritzeko aukera izan zuten. Izan ere, jaitsiera gogorra zuten aurretik; 1.900 metroko desnibel negatiboa. "Metatutako nekeari eta goitiera negatibo handiari esker, azken tarte hau benetako erresistentzia-proba bihurtu zen", adierazi dute.

Ahalegin ahalegin, giro ederra izan zen bidaian nagusi: "LOTMEko kideek argi utzi dute kideen arteko elkartasuna eta mendiaz gozatzeko gogoa".

Hurrengo irteera, Anboto

Eta mendi elkarteko jarduerek ez dute etenik, taldearen hurrengo irteera Anboto mendira izango da, azaroaren 15ean.

LOTMEren webgunean izena eman edo informazio gehiago eskuratu daiteke.