Azaroaren 14an 'Aniztasunean Elkarrekin' II. Jardunaldi Inklusiboak Okendo plaza hartuko du

Txintxarri Aldizkaria

Udal ordezkariak eta Garaoina elkarteko kideak, aurkezpenean.

2025ean 'Aniztasunaren aztarnak' jardunaldi inklusiboa egin zen Lasarte-Orian. Harrera ona izan zuen ekintzak eta aurten irrigarritasun unibertsaleko mendi ibilbideaz gain, beste bost kirol egokituko jarduera ere eramango dira aurrera, baita gizarte eta kultura ekimenak ere. Doakoa izango da eta edozein herritarrei irekia dago. Hitzordua azaroaren 14an, 09:30etik 14:00etara izango da Okendo plazan eta inguruetan

Lasarte-Oriako Udaleko Kirol eta Gizarte Zerbitzuen arloek 'Aniztasunean Elkarrekin' II. Jardunaldi Inklusiboa antolatu dute azaroaren 14an. Herritara guztiei irekitako ekimena da, baina bereziki desgaitasunak dituzten pertsonei zuzendua dago. Ekimenak kirol jarduera eta gizarte, kultura  eta aisialdi proposamenak eskainiko ditu, aniztasunaren eta inklusioaren inguruan parte hartzea sustatuz.

Jardunaldia Tokiko Inklusio Mahaiaren elkarlanaren emaitza da. Lanbide, AEGI, Lasarte-Oriako anbulatorioa, Osasun Mentala, EPA, EDE Fundazioa eta Udaleko Kirol, sozioekonomia eta Gizarte Zerbitzuetako alorrak daude ordezkatuak horretan.

Helburua Lasarte-Orian gizarteratzea, aukera berdintasuna eta bizikidetza sustatzea da. Alkate Agustin Valdiviaren hitzetan: "Gure herriko kolektibo ezberdinak bat egin eta bizikidetza sustatzea da proiektuaren asmoetako bat. Aniztasuna Lasarte-Oriako eguneroko errealitatearen parte da, eta jardunaldi honek espazio partekatu bat proposatzen du. Kirola, kultura eta gizarte jarduerak topagune izango dira adin, gaitasun eta jatorri desberdineko pertsonentzat".

Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedok ere horrela azaldu du: "Topaketa, parte hartze eta sentsibilizazio jardunaldi bat izango da. Gure gizartean dagoen aniztasunari ikusgarritasuna ematea eta errespetutik zein berdintasunetik elkarrekin bizitzeak dakarren aberastasunari balioa ematea du helburu. Era berean, aurreiritziak, estereotipoak eta desberdina denari  beldurra kentzen laguntzea ere bilatzen du".

Hori guztia ikuspegi sozial batetik eta laneratzearen ikuspegitik ere egin nahi dutela nabarmendu du Gizarte zerbitzuetako buruak: "Ez dugu nahi pertsona edo kolektibo bakoitzak bere eskubide eta baliabideak ezagutzea eta erabiltzea zerbitzu publikoetara jotzerakoan bakarrik, baizik eta bere autonomia garatu eta udalerriko bizitzarekin bat egitea nahi dugu".

Ibilbidea eta jarduerak

Kirol ekimen ezberdinak izango dira jardunaldian. Batetik irisgarritasun unibertsaleko Mendi ibilaldi Inklusiboa egingo da Benedika mendira. Upsala mendi taldeak Garaiona Elkartearen eta Udalaren laguntzaz eramango du aurrera ekimena. 09:30ean aterako dira Okendo plazatik. Martxa oztoporik gabeko ibilbide batetik eta ia trafikorik gabeko guneetatik (espaloia, Plazaolako bidea eta bidezidorrak) barrena egingo da.

Bien bitartean, Okendo plazan bost kirol erakustaldi izango dira elkarte ezberdinen eskutik. Ostadar SKTk eslaloma eta boccia ekarriko ditu plazara, CD Fortunak esgrima egokitua, Irungo Leka Enea klubak, mahai tenis egokitua eta Basket kaleak, 3x3 saskibaloi partidak antolatuko ditu.

Garaiona Elkarteko Alicia Figueroak azaldu modura: "Normalean ez dago kirol inklusiboan parte hartzeko aukera askorik eta jendea animatzea espero dugu. Hemen Lasarte-Orian ikusgarritasunik ez duten jarduera pilo bat egiten dira eta hortaz, hau kalera ateratzeko, jolasteko, gozatzeko eta beste errealitate batzuk ikusteko modu bat da".

12:30ak aldera, ibilaldiko kideak itzultzean Uharteko Zanpantzarrak izango dituzte lagun parte hartzaileek eta 13:00ak aldera, amaiera emango zaio antolatzaileen hitzartze eta opari zozketa batekin.

Kirol zinegotzi Goizaldi Pildainek eskerrak eman nahi izan dizkie jardunaldian antolatzen lagundu duten elkarte eta erakundeei: "Jardunaldi hau antolatzeko hainbat elkarte, kirol klub eta gizarte erakundeen laguntza izan dugu. Hemendik eskerrak eman, horiek gabe horrelako jardunaldiak ez lirateke posible izango".

Era berean, herritarrek jarduera guztietan parte hartu dezaketela gogoratu eta martxa egiteko aldez aurretik izena ematea beharrezkoa dela nabarmendu du; kronoak.com plataforman egin behar da. Eta ibilbidea Wikiloc plataforman eskuragarri izango dela ere jakitera eman du.

Gizartea era kulturartekotan jarduerak

Kirolaz aparte, gizarte zein kulturartekotasun arloko egitarau bat ere izango da. Okendo plazako arkupeetan Gipuzkoan eta gure eremuan arlo horietan lan egiten duten hainbat elkartek euren proiektuak erakusteko tartea izango dute eta Lasarte-Oriako kultura aniztasunaren erakusle hainbat kolektiboak parte hartzea aurreikusten da. Garaiona Elkarteko Figueroak aipatu duenez, " ikusgarritasunik ez duten elkarteak etorriko dira eta gure ustez, garrantzitsua da jendeak horiek ere ezagutzea". 

Horrez gain, jolas kooperatibo, inklusibo eta kulturartekoak, musika eta hainbat jarduera egingo diren gunea ere izango da Askatasunaren parkearen ondoan.