Buruntzaldea IKTko igerilariek bihar, Maialen Chourraut kirolegian emango diote hasiera Neguko Ligari

Txintxarri Aldizkaria

Igeriketa lehiaketa, Maialen Chourraut kiroldegian.

Buruntzaldea Igeriketa Kirol Taldeko kirolariak lehiarako prest daude. Etxean hasiko dute Neguko Liga, gainera, lehen jardunaldia Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuan jokatuko da. Hitzordua, hilaren 17an, 15:30ean izango da

Irailean hasi zituzten entrenamenduak igeriketa taldeko kideek eta lehiako garaia iritsi zaie aurten Buruntzaldea IKT osatzen duten 106 igerilariei. Zazpi kategoria ezberdinetan igerian arituko dira elkarteko lagunak: aurre benjamin, benjamin, alebin, infantil, junior, absolutu eta master.

Lehenak lehian absolutu, junior eta infantil mailako kideak izango dira. Maialen Chourraut kiroldegian emango diote hasiera Neguko Ligari eta bestelako kontuak direla-eta, sei igerilari arituko dira lehen saioan.

Easwim Artistica Anoeta, Hernani Kirol Elkarteko zein CD Fortuna igeriketa taldeko aurkariak izango dituzte eta horien artean izango dira, aipatu azken kirol elkartean lehian ari diren Mayi Gorostegi eta Kimetz de la Cruz herritarrak. 

Estilo eta luzera ezberdinetako probei aurre egingo diete igerilariek, baita 4x200 m. libre erreleboko probari ere.  

Lehen saio horren ostean, abendura arte hiru jardunaldi izango dituzte kirolariek Neguko Gipuzkoako txapelketarako markak eskuratzeko.

Igerilekua, itxia

Neguko Liga hasierako jardunaldia dela-eta, Lasarte-Oriako Kirol Zerbitzuak jakinarazten du, Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekua erabiltzaile orori itxia egongo dela, hilaren 17an, 16:00etatik 20:00etara.

Gaztetxoak ere, aurki

Hurrengoak uretara jauzi egiten alebinak izango dira. Hilaren 24an, Andoainen izango dute ligako lehen saioa.

Benjamin eta aurre benjaminek, aldiz, azaroaren 7ra arte itxaron beharko dute lehen jaialdia egiteko.