Manuel Lekuona Kultur Etxean elkartu dira antzerki eta dantza eskolako lagunak, eta ospakizun jarduerak xehetasunez azaldu aurretik, eskolaren gainean solastatu dira.
Oroitarazi dute, adibidez, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta, "euskararen erabilera sustatzeko" sortu zela eskola: "Hasieratik izan du helburu euskara bizitzeko, erabiltzeko eta partekatzeko espazioak sortzea". Kukuka, ordea, hori baino askoz gehiago ere badela gaineratu dute hizlariek: "Antzerkiaren eta dantzaren bidez, adierazteko, sortzeko, esperimentatzeko eta elkarrekin ikasteko gunea da. Gorputzaren bidez komunikatzeko, emozioak lantzeko, norberaren sormena garatzeko eta besteekin harremanak eraikitzeko espazioa da".
Ideia horri lotuta, eta 25.urteurrena ospatzeko helburuarekin, ikasturte hau berezia izatea nahi du eragileak eta horretarako herritar guztiek parte hartzeko askotariko jarduerak antolatu dituzte; hala adierazi dute ordezkariek: "Urritik ekainera bitarte hilabetero ekintza bat, batzuetan bi, izango ditugu, antzerkiarekin, dantzarekin eta euskal kulturarekin lotura dutenak".
Hori horrela, hitzordu sorta hori antolatzeko beharrezkoak izan diren alderdiak ere azpimarratu dituzte. Lasarte-Oriako Udalaren parte hartzea aipatu dute, eta, nola ez, baita Kukuka osatzen duen lan taldea ere. Azken horren harira, honako adierazpenak egin dituzte: "Urte guztian boluntarioki lanean dabiltzan horiek gabe ezin izango genituzke eskola eta horrek egiten dituen ekimenak aurrera eraman".
Hilaren 22ko deialdia
Agerraldiak aurrera egin ahala, hilabete honetan aurrera eramango duten jardueraz solastatu dira. Bea Egizabalek gorpuzten duen Gregoriak bakarrizketa eskainiko du Manuel Lekuona Kultur Etxean. Antolatzaileek jakianarazi dute 19:00etan izango dela hitzordu hori. Gainerako hilabeteetan egingo dituzten, ordea, datozen egunetan iragarriko dituzte.
Amaitzeko, 25 urte hauetako bidea posible egin duten pertsona guztiak eskertu dituzte, hots, ikasleak, familiak, irakasleak, kolaboratzaileak eta Kukukaren inguruan "modu batera edo bestera" aritu diren pertsona guztiak: "Zuen parte hartzerik, konfiantzarik eta babesik gabe, ez litzateke posible izango gaur hemen egotea".
Azkenik, nabarmendu dute hogeita bost urte beteta, aurrera begira jarraitzen dutela, "ilusioz eta gogoz", eta aurrerantzeko asmoak ere mahaigaineratu dituzte: "Euskarari, kulturari, sormenari eta arte eszenikoei tokia egiten jarraitu nahi dugu, belaunaldi berriekin eta gure komunitatearekin batera. Gure nahia da Kukukak sortzeko, ikasteko, adierazteko eta elkarrekin
hazteko gune izaten jarraitzea, urte askoan".
Hori guztia esanda, herritarrei gonbidapena luzatu diete urteurreneko deialdiean parte hartzera, urtemuga eurekin ospatzera eta Kukukaren parte izatera.