Intzako kideek, jardunaldi erabakigarriak aurretik

Txintxarri Aldizkaria

Intza Pilota elkarteko kideek denetariko emaitzak izan zituzten Binakako Gipuzkoako txapelketako jardunaldian

Kadete 1 mailako Ekhi Maizek eta Oier Jauregik ezin izan zioten garaipenaren bideari jarraipena eman. Hernani 2 izan zuen aurrez aurre Intzako bikoak, hilaren 9an, Loidibarren pilotalekuan jokatutako hitzorduan.

Aurkariek 0-8 aurre hartu zuten eta ongi jokatuta pixkanaka aldea murriztea lortu zuten etxeko ordezkariek. Tamalez, neurketa amaitzerako, hernaniarrek lau puntuko errenta mantentzea lortu zuten eta 18-22ko markagailuarekin garaipena lortu zuten. Ikus galeriako irudiak.

Bi jardunaldi falta dituzte Gipuzkoako txapelketako multzoko zatia amaitzeko eta hurrengo jardunaldian lehia garrantzitsuari egingo diote aurre Intzako kadeteek. Txapelketako azken fasean sailkatzeko lehen bi postuetan egoteko lehiatzen ari dira Lasarte-Oriako kirol elkarteko ordezkariak eta aurretik puntu batera dagoen, Behar Zanaren aurka neurtuko dituzte indarrak etxean.

Maila mantentzea

Nagusien 2. mailako ordezkariek, aldiz, bere multzoko azken bi postuak saihestea zuten helburu EPLEren aurkako neurketan. Errenteriako kideek ere asmo bera zuten eta tentsio handiko partida izan zen, hilaren 10ean, Michelin kirol guneko pilotalekuan.

Hutsik ez egitea zuten buruan eta ongi hasi zuten lehia Jon Pello Artetxe eta Peru Urdanpilletak osatutako bikoak; aurre hartu zuten. Baina neurketak gorabeherak izan zituen kantxan eta markagailua baten zein bestearen alde egon zen zenbait momentutan. Hogeina berdindu eta etxekoek azken bi tantoak aldeko izatea lortu zuten.

Maila jaitsiera zuzena ekidin du bikoak. Kategoria mantentzeko laugarren postuan amaitu behar du Intzako bikoak eta garaipeneko bi puntuak lortzeko borrokatuko da falta diren partidetan, baina lehen bien aurka jokatu behar dute. Bosgarren edo seigarren sailkatuz gero, jaitsiera fasea jokatuko dute.