Tamaina eta kolore ugari. Apaingarri, altzari edota herritar maitagarrien erretratu. Txikiak eta handiak. Baina den-denak zuretik abiatuta sortuak. Egur-xafla edota enborra erabilita, puntako artisauak direla erakutsi dute Zurmailu Zurlanketa Elkarteko kideek. Horren erakuslea da euren lanekin ondutako erakusketa. Antonio Mercero gunean antolatuta, 50 piezatik gora izango dira ikusgai, hilaren 16ra arte. Sarrera doakoa da, eta espazioaren ordutegiaren arabera bertaratu beharko dira lasarteoriatarrak.
Urtero legez, irekiera ekitaldia aurrera eraman dute elkartekideek. Eskulangileak eta hurkoak elkarturik, mokaduez zein edatekoaz gozatu dute. Era berean, duela gutxi galdutako Manuel Gonzalez "Moncho" gogoratzeko tartea egin zuten, baita haren alargunari lore-sorta bat emateko ere.