Aiora Belartieta Galardi: "Nik uste dut oraindik ez dugula guztia asimilatu eta oraintxe horretan gaudela"

Txintxarri Aldizkaria

Aiora Belartieta Galardi, Euskotren ligako garaikurrarekin. Arg.: A. Arrizabalaga/Euskotren Liga.

Donostia Arraun Lagunak traineruak denboraldi ederra egin du aurten. Brankan Aiora Belartieta Galardi (Lasarte-Oria, 2002) herritarra izan da lehian eta ziabogaz ziaboga estropada guztietan bere onena eman du txapelketa ezberdinetako banderak eta Euskotren liga eskuratzeko

Donostia Arraun Lagunak-ek urte biribila egin du. Bandera eta txapelketa guztietan garaile izan zarete. Zein da denboraldiko zure laburpena?

Urte ezin hobea izan da eta oso gogorra. Azkeneko urteetan bezala, asko entrenatu dugu, gure helburua zein den badakigulako. 

Egia da hasierako ideia ez zela bandera guztiak eta estropada guztiak irabaztea; pixkanaka-pixkanaka estropadaz estropada joatea zen. Baina pixkanaka-pixkanaka ere joan gara guztiak lortzen. 

Denboraldian nagusi izan gara eta ondo eraman dugu. Presioa da hor gora egotea eta mantentzea. Azkenean arraunlari baten ametsa zein da, irabaztea, ezta? Nik hori beti sinatuko nuke, baina presio hori kudeatzea ez da erraza. Beraz, oso kontentu gaude egindako lanarekin. 

Nik uste dut oraindik ez dugula guztia asimilatu eta oraintxe horretan gaudela.

Ligan ederki borrokatu behar izan zenituzten lehen jardunaldiak Tolosaldearen aurka. Nola ikusi dituzue aurkariak?

Gure lehiakide zuzenenak ziren Orio eta Tolosaldearen mailak pixka bat behera egin duela ikusi da; arraunlarien bajak direla-eta. Guk taldea mantendu dugu eta orduan alde txiki hori nabaritu da. 

Egia da, estropada batzuetan hortxe egon direla, gertu, baita San Juan ere. Ligara igo eta egia esan izugarrizko denboraldia egin dute.

Liga amaitzeko hiru jardunaldi faltan garaipena eskuratu zenuten matematikoki. Baina ez zenuen erritmoa jaitsi, bukaera arte lehiatu zineten...

Bai, azkenean guk horretako entrenatzen dugu. Nahiz eta estropada guztiak irabazten joan, azkenean kirolariok badakigu zer den garaipena lortzea eta orduan, gehiago nahi dugu. Gure pentsaera hori izan da eta hori pasada bat da. Jendeak askotan esan izan digu: "Ez zarete nekatzen?". Baina egia da ikusleek ez dakitela garaipen horien atzetik zer lan dagoen. Azkenean zortzi hilabeteko entrenamendua eta bi hilabeteko lehia da. Eta borroka horretan ateratzen zaizu entrenatutako hori guztia erakustea. Gainera, gu ez gara hortaz aspertuko!!

Aurten itsasoaren egoerarengatik, Fabrika bandera ez zen jokatu. Zer duzu kontatzeko gai horren gainean.

Egoera surrealista bat izan zen. Telebistan emakumezkoen entrenatzaileak nola elkartu ziren ikusi zen eta nola adostasun batera iritsi ziren; ez genuela estropada jokatuko. Furgonetetan ginela entzun genuen nola San Juaneko neskak ureratu ziren. Orain barregarria da, baina momentuan izan zen... beno!

Erabakiaren gainean, hausnartzeko eta lantzeko gai asko daudela uste dut. Elkarren arteko harremanak, ACT-ko antolaketa, gizon eta emakume ezberdintasunak...  Ez naiz asko sartuko. 

Bosgarren liga lortu du Donostia Arraun Lagunak-ek eta bostetan izan zara lurrean edo uretan. Bosteko taldetxo bat zarete balentria hori lortu duena. Zer pentsatu edo sentitzen duzu hori burura ekartzean?

Bai, bakoitzarentzat liga bat banatu dezakegu. Arraunlari gutxi mantendu gara. Emakumezkoetan lana, ikasketak... pixka bat zaila da guztia uztartzea eta orduan jendeak utzi behar izan du bidean.

Eta, beno, sekulako bilakaera izan dugula etortzen zait burura. Lehenengo liga irabazi genuenean puntu berdinketa egon zen Oriorekin eta bandera bat gehiago genuelako irabazi genuen. Eta hortik aurrera ikusi da zein bilakaera izan dugun. Pixkanaka-pixkanaka beste dinamika bat hartu dugu entrenamenduetan eta estropadetan. Eta azkeneko ligak errazago irabazi ditugula esan daiteke. Lan askorekin! Baina puntu gehiagoko aldea izan da.

Ligan Nortindal Donostiarrak baino postu hobeagoan sailkatzeagatik ez duzue Kontxako banderako kanporaketarik jokatu behar izan.  Horrek hobeto prestatzeko denbora eman zizuen?

Nik uste dut nahiko berdin izan dela. Agian jendeak pentsatuko du atseden eguna izan genuela aste horretan. Baina Kontxako Banderarako ere asko entrenatu genuen, eta batzuetan entrenamendua estropada bat baino okerragoa izaten da.

Egia da baldintza berriarekin, lehengo garaiekin alderatuta, parekotasun gehiago dagoela Donostiako traineruei dagokioez. Baina nik beti esango dut estropadak hartu duen pisuarengatik Donostiako trainerua ere sailkapen estropadara joan beharko litzatekeela; zortzi hautagaiak kanporaketa saioan erabaki beharko liratekeela.

Estropada guztiak garaituta, Kontxako banderan, faborito zineten. Lehen jardunaldian bederatzi segundoko aldea atera zenioten lehen txandan zegoen Tolosaldeari. Nolako sentsazioa izen zen zuentzat?

Lehen momentuan gustura geratu ginen eduki genuen emaitzekin. Azkenean bederatzi segundoko abantaila mundu bat da. Zortzi edo hamar segundorengatik irabaztera ohitu garela dirudi eta alde hori asko ez dela, baina bederatzi segundu arraunean eta gehienbat emakumezkoen estropada batean, bi luze direla, pilo bat da. Eta horrekin kontentu ginen.  Baina gure artean hitz egin eta hobe egin genezakeelaren sentsazioa izan genuen. 

Bigarren asteburuan, aldiz, San Juan izan zenuten atzetik; estu izan zineten momentu batzuetan. Baina azkenean bandera eraman zenuten. Nola bizi izan zenuten?

Nik uste dut estropadaren irakurketa ona egin genuela, bai patroiak eta arraunlariek eta burua ere ondo mantendu genuela.

Azkenean denok genekien bakoitza ze kaletik doan, kale bakoitzak ere zer duen ona eta txarra. Guk bagenekien ziaboga eta geroko buelta hori, irlan olatuek duten errebote horrengatik ez geneukala ona. Eta hor asko gerturatu ziren aurkariak. Baina bagenekien irla pasata errenta handitzeko aukera genuela ere; hori zela gure momentua eta horrela izan zen. Beraz, kontentu ere kudeaketa horrekin.

Brankan egon zara liga osoan zehar, bigarren urtea duzu postu horretan. Konfiantza gehiago duzu? Nola daramazu erantzukizun hori?

Bai, azkenean esperientzia gehiagorekin. Hirugarren urtea dela uste dut. Azkenean entrenamendu asko dira bertatik, estropadetako esperientziak ere baditut eta beste lasaitasun puntu batekin ari naiz.

Aurten ere patroi aldaketa izan dugu eta haiekin ere komunikazioa edukitzea garrantzitsua da. Bai Nagorekin baita Amaiarekin ere biak ibili dira-eta. Oso kontentu egon naiz, lasaiago eta gogoz.

Hala ere, momentura iristerakoan beti egongo dira urduritasun horiek ere, ez?

Bai! Hori beti! Eta nik uste dut urduri mantentzea ondo datorrela, zeren lasai egonez gero, bat-batean zerbait gertatu zaizu, hala nola, espaldinak ihes egin. Urduritasunak lehian sartuta joatea dakar eta ondo dago tentsio hori edukitzea. Nik beti daukat! Baina urteekin ba gehiago kontrolatzen da.

Hitzordu berezirik izan al duzu aurten?

Kontxakoa izango litzateke. Handienekin hor parean jartzera iritsi gara eta oso berezia izan zen.

Aipatu duzu behin baino gehiagotan lan asko dagoela atzetik. Ze entrenamendu mota egiten dituzue? Denboraldiko fase bakoitzean ezberdina izango da, noski.

Bai. Kirol guztietan bezala, fase desberdinak daude: hasieran egokitzapen fasea, gero erresistentzia eta indarra lantzen da, eta azkenik, estropadarei begira, ba aktibazio edo abiadura. Eta garaiaren arabera, antolatzen dira entrenamenduak. Astean sei entrenamendu.

Guk fisikoa lantzen dugu, teknikoa ere, baina egia da denbora asko igarotzen dugula gimnasioan. Bagoaz urte dezente arraunlari berdinak eta horrek ere asko laguntzen du teknikoki blokea mantentzeko, eta orduan fisikoari garrantzia asko ematen diogu.

Eta ez da berdina izango itsasoan edo ibaian entrenatzea...

Bai, hori da. Talde bakoitzak ikusten du nolako arraunlariak dauzkaten eta eta gero zein entrenamendu mota den onuragarriena. Gu talde fisikoa eta indartsua gara, orduan badakigu ibaian ondo ibiliko garela eta ibaian ondo ibiltzen denak ere itsasoan ondo ibiltzeko aukera asko dauzka, potentzia horrengatik. Baina  egia da talde arinagoetan itsasoan teknika ondo ikasten baduzu, aukera asko dauzkazula uretan ondo ibiltzeko.