Buruntzaldeako Ibilbideen Egunaren 18. edizioa aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria

Ohiko legez, bost ibilbide egiteko aukera eskainiko du ekimenak. 

Urriaren 18an egingo da jardunaldia goizeko 08:00etatik 14:00etara. Ekimenak bost ibilbide eskainiko ditu, eskualdeko natura oinez zein bizikletaz ezagutzeko. 

Urriaren 18an, igandean, ospatuko da Buruntzaldeako Ibilbideen Egunaren 18. edizioa. Ekimenak helburu du, alde batetik, lehiarik gabeko jarduera fisikoa bultzatzea, eta bestetik, eskualdeko natura-eta landa-ingurunea ezagutzeko aukera eskaintzea. Andoaingo, Usurbilgo, Urnietako eta Lasarte-Oriako udaletako kirol zerbitzuek elkarlanean sustatutako jarduera da. Andatza Mendi Elkartea, Euskalduna Mendigoizale Elkartea, Ostadar SKTeko mendi saila eta Super Amara izango dira laguntzaile, eta Lasarte-Oria aurtengo arduradun nagusi. 

Bost ibilbide izango ditu proiektuak, eta geziz eta zutoinez izango dira seinalizatuta. Ohiko legez, kolore bana erabiliko dute udalerri bakoitza identifikatzeko: urrea Lasarte-Oriarentzat, berdea Urnietarentzat, laranja Usurbilentzat eta urdina Andoainentzat. Era berean, panelak egongo dira eskuragarri bide guztietan zehar; trazatu, profil eta distantziei buruzko informazioa eskaintzeko. 

Honako ibilbide hauetako bat aukeratu ahal izango dute parte hartzaileek: 

1. Andoain - Lasarte-Oria: Buruntza mendia zeharkatuz edo gailurra eginez. 7,9 kilometro ditu, oinez bakarrik egin daiteke eta mendiko oinetakoak behar dira. 

2. Andoain - Urnieta: 4,8 kilometrokoa. Oinez edo bizikletaz egin daiteke. 

3. Andoain - Usurbil: Andatzatik barrena 14,9 kilometrorekin, ibilbiderik luzeena da. Oinez bakarrik egin daiteke eta mendiko oinetakoak behar dira. 

4. Lasarte-Oria - Urnieta: 3,9 kilometrokoa. Oinez edo bizikletaz egin daiteke. 

5. Lasarte-Oria - Usurbil - Aginaga: 4,5 kilometro Santueneako punturaino eta 9 kilometro Aginagaraino. Oinez edo bizikletaz egin daiteke. 

Ibilaldiak diraun bitartean, kontrol-guneak egongo dira lau udalerrietan. Lasarte-Orian, San Pedro elizaren ondoko plazan ipiniko dute. Andoainen eta Urnietan, aldiz, udaletxeen azpialdean egongo da, eta Usurbilek bi izango ditu Santuenean, Zorrotz zubiaren ondoan, eta Aginagan, Mapil baserriaren inguruan. Kontrol-gune horietan, informazioa jasotzeko aukera izango dute parte hartzaileek, baita txartela zigilatzeko eta ura zein mokadutxoak hartzeko ere. 

Irteerako udalerriaren zigiluko txartel bat jasoko dute, ibilbidearekin hasterakoan, eta bi ibilbide osatzerakoan, oroigarri bat. Horrekin batera, Andoain - Lasarte-Oria edota Andoain - Usurbil ibilbideak burutakoek ere oparia eskuratuko dute, edozein norabideetan eginda ere. 

Momentuko laguntza

Ibilaldian laguntza izateko, Navi Ruta aplikazioa izango da eskuragarri. Kokapenari, jarraitu beharreko norabideari eta interesguneei buruzko informazioa emango du aplikazio honek, uneoro. Bestalde, deskargatzeko eta ibilaldi bakoitza aktibatzeko, informazio-paneletako eta kontrol-guneetako QR kodeak eskaneatu beharko dira. 

Itzulerako autobusa

12:00etatik aurrera, autobus zerbitzua ipiniko dute. Zerbitzu hori erabiltzeko, parte-hartze txartela zigilatuta aurkeztu beharko dute parte hartzaileek.

Aginagako Ezpaldi gasolindegitik abiatuko da, eta Usurbilen, Lasarte-Orian, Andoainen eta Urnietan egingo ditu paradak. Hiru irteera egingo ditu autobusak: 12:00etan, 13:00etan eta 14:00etan. Urnietan amaituko da azken zerbitzua, 14:40an.