EDUKI BABESTUA

Memoria, kultura edota ezagutza, Kutxa Fundazioaren lehen lerroan

Txintxarri Aldizkaria

Memoria, kultura, berdintasuna, literatura, hezkuntza, komunikazioa eta kontzientzia soziala dira fundazioak lurraldean jorratu dituen erronketako batzuk

Zenbaitetan, une batez geratu eta atzera begira jartzeko unea iristen da. Egindakoa ikusi eta etorkizuna lantzen jarraitzeko momentua, alegia. Eta hori bera egin du Kutxa Fundazioak, azken hamarkadan Gipuzkoan izan duen eraginaz hausnartzen jarri denean. Babesten duen gizartearekin partekatu nahi izan du erakundeak urte hauetan guztietan egindakoaren birpasa. Eragin horiek hobeto ulertu nahian, hamahiru arlotan banatu dituzte. Horietako batzuk dira memoria, kultura, berdintasuna, literatura, hezkuntza, komunikazioa edota kontzientzia soziala.

Kutxa Fundazioak lurraldeari ekarri dizkien eraginen artean, memoriarena da erakundeak nabarmendu duen lehena. Hala, erakundeak lurraldearen oroimena zaintzearen garrantzia azpimarratu du, sinetsita dagoelako iragana ezagutzea ezinbestekoa dela etorkizunari begira erabaki sendoak hartzeko. Horren adibide da Fototeka, bi milioi argazki objektu eta 600.000 irudi digitalizatu ingururekin.

Kulturaren alorrean, herritarren zein kultur sorkuntzaren arteko aldeak murriztea da helburuetako bat. Modu berean, kulturarako sarbidea erraztea da estrategietako bat, kultur ekitaldi gehienetan prezio sozialak jarrita. 200.000 lagun ingururi iritsi zaizkie ekitaldi horiek. Horrez gain, 900 emanaldi baino gehiagoko programazioa prestatu du.

Berdintasunaren alorrean, emakumeen lidergoa bultzatu du erakundeak, Emakumeak Zientzian bezalako ekimenetan beste 30 erakunde ingururekin elkarlanean arituz,emakume eta nesken artean zientzia bokazioak indartu dituzte. Emakumeen talentua historikoki ikusezina izan dela jabetuta, Sorlekua ekimenarekin mentoretzak martxan jarri dituzte, andreen artean ere ekintzailetza indartuz.

Bestetik, fundazioko kideak sinetsita daude literatura pentsamendu kritikoa sustatzeko tresna garrantzitsu bat izan daitekeela. Izan ere, irakurzaletasuna eta hausnarketa kritikoa eskutik joan ohi dira, literatura gizartea ulertzeko eta interpretatzeko tresna gisa aldarrikatuz. Literatura Sarien bitartez dagoeneko 400 liburu baino gehiago argitaratu dira, urtean sorkuntza sustatzeko 70.000 eta 80.000 euro artean banatuz.

Kutxa Literatura Sarien bitartez sormen literarioa bultzatu du fundazioak. Argazkia: KUTXA FUNDAZIOA

Baina literatura ezagutzarako bide bat izan daiteke ere, eta, literatura bera bezala, bizitzan zehar etengabeko ikaskuntza halabeharrez mantendu beharreko jarrera da, herritar kritiko eta osoak izateko. Hortaz, prestakuntza ezin daiteke mugatu adin jakin batera; kontrara, bizitza osoa hartzen duen ardura eta erronka da. Horri bideratuta, 50.000 tailer, 18.000 jarduera zientifiko eta 10.000 planetario saio egin dira dagoeneko; horietan hiru milioi pertsona inguruk parte hartu dute.

Komunikazioaren ardatza sustatzea ere funtsezkoa da ardura soziala duen erakunde batentzat. Horregatik, eta are gehiago sare sozialen gorakadaren garaian, eragin publikoaren erabilera arduratsua bultzatu nahi du. Horretarako, fundazioak gazteen artean talentua sustatzeko bekak sortu ditu, bai eta akonpainamendu programa bat ere. Modu horretan, "bikaintasuna, konpromiso soziala eta etorkizuna eraldatzeko ahalmena" bultzatu nahi dituzte.

Azkenik, osasunaren, jasangarritasunaren edota teknologiaren alorrean proiektuak laguntzen ditu fundazioak. Horren adibide bikaina da Onkologikoa, bere alorreko diagnostikoetan ezinbesteko erreferente bihurtu dena, eta dagoeneko 70 urte baino gehiagoko eskarmentua bildu duena. DeepTek edo Mulverse Computing bezalako proiektuekin, berriz, teknologia eta berrikuntza sustatzen ditu fundazioak.

Horrelakoen bitartez, Gipuzkoa sortzaile, parte hartzaile eta kulturatik gertuago dagoen lurralde baten alde lanean jarraituko duela aurreratu du Kutxa Fundazioak.