Partida lehiatua izan zen, joan-etorri handikoa. Markagailua alde batera eta bestera aldatzen joan zen eta bi taldeetako edozeinek irabaz zezakeen.
Donostiarrek bi punturengatik irabazi zuten lehen laurdena (4-6) eta bigarrena etxekoentzat izan zen (12-8). 16-12 joan ziren atsedenaldira.
Neurketako bigarren zatian, aldea ireki zuen Axularrek (13-19), baina azkeneko hamar minutuetan herritarrek ederki erantzun zuten eta 20-6ko partzialarekin partida irabazi zuten.
"Denboraldiko lehen partida izan da eta uste dut hobeagoak izan ginela. Urduritasunak, gure hutsek eta erabaki txarrek kalte egin ziguten, baita egun behar genuena egiteko lasaitasuna ere falta izan zitzaigun", azaldu du Aimar Lopez prestatzaileak.
"Kontaktua bilatzen duen taldea da Axular eta horrela izan zen. Kontaktuen intentsitate hutsagatik partidak erraz ihes ahal zigun, baina, zorionez, jokalariek maila eman zuten partidatik ez ateratzeko", adierazi du urdin-beltzen arduradunak.
Pozik dago jokalari bakoitzaren ahaleginagatik eta lehen garaipenagatik, baina norgehiagokaren nondik norakoak aztertu eta lantzeko arloak daudela onartu du: "Guk nahi dugun modura jokatu eta aurkariaren jokoan ez erortzeko gauza asko ditugu oraindik lantzeko".
Lehiakor izatea
Aurten kategoria antolatzerako orduan aldaketak izan direla jakitera eman du entrenatzaileak eta horregatik aurkarien maila eta taldeen egoera jakitea zail egiten zaiela onartu du.
Horregatik, aurtengo helburua taldea "ahal den guztia" garatzea eta "ahal den" lehiakorrena izatea da: "Ea noraino iritsi gaitezkeen; lehiakorrak izan nahi dugu baina burua galdu gabe".
Denetariko emaitzak
Gainerako taldeei, dagokionez 3. Senior mailako eta Junior Partaidetza mailako ordezkariek ere garaipena erdietsi zuten ligako estreinaldian. Juniorrek, gainera, nagusitasunez irabazi zuten, 18-81. Honakoak izan ziren emaitzak:
- Senior 3. Maila
- Ostadar SKT 64 - 53 Karlatz TAKE
- Euskal Liga, Juniorra
- • Fundibide ISB 62 - 42 Ostadar Alvite Arquitectura
- Junior Partaidetza
- Goizper Bergara 18 - 81 Ostadar Alvite Arquitectura
- Kadete Errendimendu Urrea
- •Zast Attack 86 - 20 Ostadar SKT
- Kadete Partaidetza
- Eskoriatza Berdea 53 - 30 Ostadar Beltza
Eta hilaren 11n, urdin-beltzen beste talde bat aterako da kantxara; Kadete Partaidetza mailako Ostadar Urdina. Eskoriatza izango du aurkari Michelin kirol gunean.