Ostadar SKTko Euskal Ligako taldeek, zorterik ez Sestaon

Txintxarri Aldizkaria

Euskal Liga hasi da. Ostadar SKTko bi ordezkariek Sestaon (Bizkaia) jokatu zuten liga estreinako neurketa; biek 3-0 galdu zuten

2. mailako taldea izan zen lehena kantxara ateratzen, hilaren 3an. Partida hasieran indarrak pareko izan zituzten bi aurkariek eta etxekoen aldeko 25-22arekin amaitu zen. Bigarren eta hirugarren zatietan, aldiz, sestaotarrak hobeto ibili ziren bai erasoan, baita defentsan ere eta euren aldeko izan ziren emaitzak: 25-17 eta 25-19.

Egun bat geroago, lan gehiago eman zioten lehen taldeko kideek Sestaori. Lehen eta bigarren setean (25-22 eta 25-23) ongi eutsi zion Lasarte-Oriako ekipoak, baina azken zatian errenta handitzea lortu zuten bizkaitarrek eta 25-13arekin garaipena erdietsi zuten.

Astebeteko atsedena dute ligan bi taldeek eta hurrengo jardunaldia, hilaren 17-18an jokatuko dute. Bi taldeek bidaia egin beharko dute; lehen taldeak Gasteizera (Araba) eta bigarrenak, aldiz, Iruñera (Nafarroa).