Arratsaldeko zazpiak pasatxo abiatu dira manifestariak Okendo plazatik eta erdigunea zeharkatu dute. Eguraldiak ez du batere lagundu baina palestinarrei elkartasuna adieraztea garrantzitsuagoa dela irmo erabakita euren aldeko aldarriak ozen zabaldu dituzte aurreneko unetik eta lelo hau zeraman afixa erakutsi dute: Genozidioa ez da amaitu. Ibaitik itsasora Palestina askatu!.
Ekintza aurrera eramateko eguna ez dute ausaz aukeratu, Okendora itzulitakoan irakurri duten komunikatuaren bidez esplikatu dutenez. "2023ko urriaren 7an, urtetan pairatutako umiliazioaren, apartheidaren eta giza eskubideen urraketa sistematikoaren ondoren, palestinar herriak desagertzeko prest ez dagoela adierazio zion munduari". Azken urtetan "larriagotu" egin bada ere, Israel herrialde horretan eta bereziki Gaza hirian egiten ari den genozidioa duela hamarkada batzuk hasi zen, 1984an hain justu ere. "Kolonialismoaren, inperialismoaren eta klase borrokaren adierazpen garaikide, gordin eta larriena da".
73.664 hildako
Palestinarrak pairatzen ari diren basakeria irudikatzeko "Gazan gertatzen ari den genozidioaren zifrak" eman dituzte: 73.664 hildako eta ia 175.000 zauritu. Horren ondorioek "haur aurpegi mingarria" duela nabarmendu dute: "Haurtzaroa lapurtu dieten hildako edo mutilatutako neska-mutilena". Halaber, gaixotasun kronikoak dituztenak eta tratamendurik jasotzen ez dutenak oroitu dituzte, baita erditu eta berehala hiltzen diren emakumeak ere: "Milaka emakumek argirik gabe eta inolako laguntza medikurik gabe egin behar diete aurre erditzeei".
Aipatutako guztia ez litzateke posible izango "Mendebalde kolektiboaren konplizitate eta laguntza ekonomiko, logistiko, politiko eta ideologikorik gabe", manifestariek zehaztu dutenez. "Horregatik, garrantzitsua da Israelgo entitate sionista ez ezik sustatzaileak eta finantzatzaileak ere seinalatzea". Salaketa horrek "antinperialista eta klasekoa" izan behar duela aldarrikatu dute: "Inperialismoaren aurka jardutea historiaren alde zuzenean egotea da".
Palestina ez ezik, Mendebaldeko Asiako herrialde gehiago gogoratu dituzte gaurko manifestazioan, "herri subirano izateko duten borondatea garesti ordaintzen ari direnak": Yemen, Libano, Irakeko erresistentzia edota Irango Errepublika Islamikoa. "Azken hori palestinar erresistentziaren benetako babes materiala da".
Ekintzaileak ere gogoan
Elkartasuna adierazi diete baita ere Palestinaren defentsan ahotsa altxatzeagatik erreprimitu dituzten militanteei, hala nola duela hilabete batzuk Loiuko aireportuan "basatiki jipoituak" izan zirenei. Asier eta Youssef ere aipatu dituzte: "Audientzia Nazionalak ikerketa irekia du haien aurka eta kartzelara eraman ditzakeen akusazio larriari aurre egin behar diete".
Palestina "gizateriaren kausa" dela azpimarratu dute, "bere garaian Vietnam izan zen bezala". Hori horrela, manifestariek "elkartasuna eta konpromisoa" berretsi diete Palestinari berari eta Erresistentziaren Ardatzari.