Beltzak RTko Lander Zabala, Gabriel Gavilan eta Joanes Arroyo izan ziren hamabostekoan; Arroyok bakarrik amaitu zuen lehia zelaian.
Euren zaletuen aurrean, baleazaleak gogotsu atera ziren lehiara eta 14-0 aurreratu ziren. Hiru zigor kolpeei esker, iruñarrak markagailuan gerturatu ziren, 14-9. Atsedenaldia baino lehen Arroyok entsegua egin eta errenta handitu zuen; 19-9 amaitu zen lehen zatia.
Jokoa berriz hastean etxekoek ez zieten aurkariei aukerarik eman. Erasoan ere fin aritu ziren eta hiru entsegu eta bi gauzatzeri esker, 38-9 gailendu ziren.
Liga hasi duten Beltzak RTko gainerako kideei dagokienez, garaipen bat eta bi porrot batu zituzten. Euskal Ligako 1. mailako ordezkariak ezin izan zuen Atletico SanSebastian garaitu, 37-15. 18 urtez azpiko Bera Bera Orbinoxek, aldiz, 38-7 irabazi zion Itsasmendiri eta 16 urtez azpiko Zarautz Beltzak Eibar RT-k La Unicaren aurka galdu zuen, 37-26.
Ongi borrokatua
Tbilisi Kopa amaitu da. Hilaren 4an, Alex Saleta herritarrak eta Castilla y Leon Iberians taldeak txapelketako azken neurketa jokatu zuen Hegoafrikako Suzuki Griquas-en aurka; herritarra bigarren zatian atera zen.
Iberians ederki jardun zen lehen zatian eta atsedenaldira 10-19ko markagailuarekin iritsi zen. Bigarren zatian, aldiz, hegoafrikarren egoera fisikoa gailendu zen eta pixkanaka entsegu eta gauzatzeak errenta handitzen joan ziren; neurketa 15-48 amaitu zen.