Udazken Festarekin emango diote ongietorria urtaro berriari merkatariek

Txintxarri Aldizkaria

Aterpea merkatarien elkarteak Udazkeneko Festa aurrera eramango du datozen egunetan. Ekimenak Lasarte-Oriako Udalaren babesa du eta tokiko merkataritza zein ostalaritza dinamizatzea eta kaleak jardueraz betetzea du helburu

Aterpea merkatarien eta ostalarien elkarteak 2026ko Udazkeneko Festa aurkeztu du gaur eguerdian; Lilura liburu dendan egin du agerraldia. Ekimen horren bitartez, udazkenari ongietorria ematearekin batera, herriko establezimenduak lasarteoriatarrengana hurbildu nahi ditu, "kaleetan giroa sortuz" eta "tokiko merkataritzaren, aisialdiaren eta komunitate bizitzaren arteko lotura indartuz".

Hala adierazi dute agerraldian izan diren ordezkariek. Aipatu eragileko lehendakari Mabel Pedreirak hitz egin du merkatarien izenean, eta udal ordezkari gisa Sozioekonomia zinegotzi Nuria Fernandez solastatu da. 

Udalari eta Eusko Jaurlaritzariko Merkataritza eta Turismo sailari eskerrak emanaz hasi du bere hitzartzean Pedreirak. Hala, ekimenaren gaineko xehetasunak ere eman ditu. Esan du kanpaina hilaren 13tik 25era aurrera eramango dute eta denbora horretan ekimen horrekin bat egin duten establezimenduetan kontsumitzen duten bezeroek 1.250 euroko erosketa txartelen zozketan parte hartu ahal izango dute.500 euroko txartel bat eta 250 euroko bi zozkatuko dituztela argitu dute merkatariek. 

Horiek irabazten dituztenek, establezimendu parte hartzaileetan kontsumitu beharko dituzte, horrela lortuko baita tokiko merkataritza eta ostalaritza babestea eta udalerriko negozioei kanpainaren eragin ekonomikoa itzultzea. 

Hilaren 24a, larunbata

Ekimenaren egun seinalatuetako bat izango da hilaren 24a. Egun horretan herriko zenbait establezimenduk programazio berezia aurrera eramango dute. Egunean zehar, txikienek jolasean aritzeko aukera izango dute Amali Jolas dendan, eta Arkupe Taberna eta Andatza Tabernek dantza, zunba, musika akustikoa, kontzertuak eta DJ saioak eskainiko dituzte. Gastronomia hitzorduak ere izango dira;  bermutak, urdaiazpiko ebakitzailea eta babarrun jana izango dira Oria-Txiki Tabernan. Bestalde, Buenetxea kafetegiak udazkeneko azoka txikia egingo du, musikaz lagunduta. 

Aterpeak, adiz, txistorra jan herrikoi bat aurrera eramango du eta antolatzaileek iragarri dute hori ere musikaz lagundutako jarduera izango dela. 18:00etatik 20:00etara izango da. 

Hori guztia esanda, kanpainaren izaera parte hartzailea azpimarratu du Pedreirak: "Udazkeneko Festa kanpaina komertziala baino askoz gehiago izatea nahi dugu. Establezimendu bakoitzak bere proposamena egiten du eta, guztion artean giroa sortzea, gure negozioak herritarrei hurbiltzea eta tokiko merkataritza eta ostalaritza ere udalerriko bizitzaren funtsezko zati direla erakustea lortzen dugu ". 

Agerraldia amaitu aurretik, Sozioekonomia zinegotziak hartu du hitza. Eskerrak eman dizkie merkatariei herria dinamizatzeko eta herriko komertzioa bultzatzeko egiten duten lanagatik. Era berean, herritarrek aurkeztutako kanpainarekin bat egin eta parte hartzera deitu ditu. Hitz horiek bere egin ditu merkatarien elkarteko lehendakariak ere.