Okendon bildu bezain laster hasi dira aldarriak oihukatzen, hala nola "etxeak bizitzeko, ez espekulatzeko!" edo "etxegabetzeak gelditu". Minutuak igaro ahala gero eta herritar gehiago bertaratu dira eta Ernaiko kideek komunikatua irakurri dutenerako dozenaka ziren.
Etortzeagatik eskerrak eman eta gero "konponbide integrala" eskatu dute etxebizitzaren problematikarentzat. "Hori horrela izan ezean, ez dugu etsiko". Jarraian, gaurko albiste nabarmenena izan dute hizpide, Espainiako presidente Pedro Sanchezek egindako iragarpena: hauteskundeak aurreratu eta azaroaren 29an izango direla. "Horrek nabarmen aldatu du testuingurua, izan ere, PP-VOX alderdien koalizioak osatutako gobernua epe laburreko mehatxu izan daiteke". Hori horrela, bizitokiei buruz ez ezik ultraeskuinaren gorakadaz eta aurre egiteko beharraz mintzatu dira: "Ez dira bi auzi desberdin, biak ala biak kapitalismoaren ezintasunaren ondorio dira. Neoliberalismoak goia jo du eta orain arte ezagutu dugun mundua abiadura bizian aldatzen ari da. Kapital metaketari eusteko gero eta herritar gehiago kondenatzen gaituzte prekarietatean bizitzera".
Argi adierazi dute agintari kapitalistek zertan bilakatu duten etxebizitza: "Oinarrizko eskubidea beharko lukeena negoziorako bitarteko bihurtu dute". Jarraian, PP-VOX blokearen gaia berrartu dute: "Kapitalismoaren morroiak eta zakurrak besterik ez dira; bost axola zaizkie herritarron oinarrizko beharrizanak".