Hiru hilabeterako proposamenak bildu ditu kultur agenda berrituak

Txintxarri Aldizkaria

Argazkia: Lasarte-Oriako Udala

Argitalpenaren formatua aldatu du udalak. Lehen aldiz hiruhileko egitaraua aurkeztu du, beraz, urria eta abendua bitarteko jarduerak jaso ditu bertan

Lasarte-Oriako Udalak 2026ko udazkeneko kultur agenda berria aurkeztu du. Berritasun nagusia da ohiko hilabeteko egitaraua hiruhileko formatura pasa dela eta, horrenbestez, agenda berriak urria eta abendua bitarteko kultur proposamen guztiak batu ditu.

Formatu berri horrek kultur egitarauaren ikuspegi osatuagoa eskainiko du, eta herritarren "parte hartzea erraztuko" du. Gainera, lehen aldiz, agenda Lasarte-Oriako etxe guztietara banatuko dutela iragarri dute udal ordezkariek; hori horrela, kultur jarduera zein ekintzen hedapena zabalduko da eta kultur informazioa herriko etxe guztietara hurbilduko. Argitalpenak euskarari emango dio lehentasuna, baina elebiduna izango da, eta hiru hilean behin kaleratuko da; hurrengo alea abenduan aurkeztuko dute. 

Kultura herritarrengana "hurbiltzearen garrantzia" azpimarratu du Agustin Valdivia alkateak: "Hiruhileko formatu berriarekin, beste urrats bat ematen dugu lasarteoriatarrek udalerrian garatzen diren kultur proposamen guztiak aldez aurretik ezagutu ahal izan ditzaten. Gainera, agenda etxe guztietara banatzeak horiengana zuzenean iristeko aukera emango digu, baita kultur eskaintza lasarteoriatar guztientzat eskuragarriagoa izatekoa ere". 

Bestalde, hurrengo hilabeteetarako diseinatutako programazioaren "aniztasuna" nabarmendu du Kultura zinegotzi Ainara Elicecheak: "Udazkeneko kultur agendak publiko zabalarentzako proposamenak biltzen ditu, familia ikuskizunetatik hasi eta antzerki, musika, zinema, literatura edo erakusketetaraino. Pertsona bakoitzak bere intereseko jarduerak topatzea eta kultura elkartzeko, parte hartzeko eta gozatzeko gune izaten jarraitzea nahi dugu". 

Egitarau anitz bezain zabala

Udazkeneko egitarauak askotariko proposamenak biltzen ditu,horiek guztiak publiko zabalari zuzenduta. Hiru hilabete hauetan, besteak beste, musikarekin, antzerkiarekin, dantzarekin, zinemarekin, literaturarekin, erakusketekin eta familia ikuskizunekin lotutako jarduerak izango dira Lasarte-Orian.

Jarduera horien guztien agertoki izango dira, besteak beste, Manuel Lekuona Kultur Etxea, Antonio Mercero aretoa, Okendo plaza, Sasoeta auzoa edo Udal Liburutegia, baita udalerriko kale eta bestelako espazioak ere.

Proposamenen artean familia topaketak, erakusketak eta euskarari eta herritarren parte hartzearekin lotutako jarduerak iragarri dituzte. Haurrentzako eta familientzako ekimenek ere garrantzi handia izango dute, hala nola, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore eta Txirri, Mirri eta Txiribitonen ikuskizunak, eta zinema saioekin eta familian gozatzeko pentsatutako beste hainbat jarduerekin batera. 

Musika arloan hainbat estilotako kontzertu eta emanaldiak ikustera joateko aukera izango dute herritarrek, besteak beste, Xumela koruaren XX. urteurreneko jaialdia, Uran-Zu proposamena Nazioarteko Akordeoi Jaialdiaren barruan edo Aretha Gospel ikuskizuna, baita XXIV. Nazioarteko Akordeoi Jaialdia ere. Horrez gain, antzerkia, dantza eta askotariko formatu proposamenak izango dira. Umoreak ere izango du bere lekua Bea Egizabal eta Mikel Bermejo umoregileekin. 

Agendak, halaber, tokiko talde eta elkarteekin batera bultzatutako hitzorduak ere jasotzen ditu, hala nola, Euskararen Maratoia edo tokiko kulturari eta elkarteei lotutako jarduerak, kultura, partaidetza eta herritarren topaketa uztartzen dituen programazioa indartuz. Jalguneren jaialdiak XX. edizioa ospatuko du azaroaren 28an, gizarte inklusioaren aldeko programazioaren barruan.

Azaroan, gainera, berdintasunarekin lotutako hainbat proposamen iragarri dituzte Indarkeria Matxisten aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Horien artean daude Bertha Gaztelumendiren Volar bideoforuma eta Luminiscentes erakusketa, 63 emakumeren istorioak biltzen dituena egiturazko indarkeria matxistak ikusarazteko egitasmoa izango da. 

Zinemak ere presentzia nabarmena izango du. Okendo Zinema Taldeak hilean bi saio antolatzen jarraituko du Manuel Lekuona Kultur Etxean. Horrez gain, udalaren eskutik igandero saio bikoitza izango da: 17:00etan haurrentzako emanaldia eta 19:30ean helduentzako emanaldia. 

Udal Liburutegia

Liburutegiaren programazioak ere hainbat hitzordu jasotzen ditu. Hilaren 24an ospatuko da Liburutegien Eguna, eta egun hori aitzakiatzat hartuta, Bajamar eleberriaren aurkezpena egingo du Ibon Martinek. Euskarazko zein gaztelaniazko literatura solasaldiak ere izango dira  7 eta 8 urteko haurrentzako, baita zientzia tailerrak eta 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako Liburu Baby Kluba ere aurrera eramango dute.