Esti Garmendia Arrieta alkategai izatea proposatu du EH Bilduko Mahai Politikoak

Txintxarri Aldizkaria

Esti Garmendia Arrieta. Argazkia: EH Bildu Lasarte-Oria.

Herritarraren "gertutasuna, eragileen ezagutza eta ibilbide politikoa" azpimarratu dituzte alderdikideek. Hurrengo urteko maiatzaren 23ko hauteskundeak irabaztea ez ezik, Lasarte-Oriako auzo guztietan "bizitza proiektu duinak garatzeko aukera" eman nahi diete bizilagunei. Norabide horretan, Esti Garmendia Arrieta iruditzen zaie alderdi subiranistaren proiektua eta udal gobernua zuzentzeko pertsona aproposena.

2023ko udal hauteskundeetan ere Garmendia izan zen EH Bilduren alkategaia. Mahai Politikoko kideek gogoratu dutenez, "babes zabala" jaso zuen alderdiak boz horietan (bost zinegotzi eta 2.429 boto). Eta urtebetera egin ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EH Bildu lehen indarra izan zen, "udalerrian ezkerreko subiranismoaren goranzko tendentzia finkatuta".

Herritarren behar eta kezkei erantzuteko proiektua EH Bildurena da, gipuzkoarren gehiengoak adierazten duen gisan", adierazi dute Mahai Politikoko kideek. "Urteotan erakutsi duen konpromisoagatik, Lasarte-Orian hori gidatzeko pertsona egokiena Esti Garmendia Arrieta da gure iritziz".