Datorren urtean 40 urte beteko dira jaio ginenetik. Takolo, Pirrutx eta Porrotx hartatik Pirritx, Porrotx eta Marimotots honetaraino hamaika lagun, bizipen, balore eta kolore partekatu ditugu elkarrekin, Lasarte-Oriatik Euskal Herriko azken txokoraino euskara irriz, ilusioz, pasioz, kantuz eta ametsez garraiatuta eta barreiatuta. Gure herrian jarraitzen dugu urtero hainbat alditan eragile eta kausa ezberdinekin, abenturak biziz, haziz eta heziz elkarrengandik ikasiz. Horregatik egiten gaitu zoriontsu oraindik orain gure ikuskizun berria Kultur Etxean eskaini eta eserleku guztiak bitan beteta ikusteaz gain zuen maitasuna hain gertutik sentitzeak. Datorren urtean berriz izango gaituzue mundua konpontzeko ahalegin berri batekin, baita herriko plaza eta kaleetan, egunerokotasunean, komunitatea egiten zuokin guztiokin. Urrutira joan gabe Euskararen Maratoian , hilaren 17an , Okendoko oholtzak batuko gaitu euskararen sugarra pizten, dantzatzen eta haur zein familia jaioberriei ongi etorri goxoa eskaintzen. Bitartean, hitz hauekin batera, jaso itzazue denok gure eskerrik handienak, besarkadarik beroenak eta musurik goxoenak banan banan! Sentitu, pentsatu, ekin beti elkarrekin!
Maite zaituztegu!