Adinekoen Omenaldi Astea ospatzen dihardute Biyak Bat Elkarteko kideek. Ekitaldiz beteriko astebetea preparatu dute. Jateko tartea izango dute, dantzez eta lagunez gozatzeko ere bai.
Paseoak eta musikak girotu ditu larunbata. Izan ere, Ibilaldi neurtuan abiatu dira Okendo plazatik 40 bikote. Arratsaldean, arropa dotoreak jantzi dituzte kiroletako elastikoen eta oinetakoen ordez, eta dantzan eta kantuan aritu dira Epsilon taldeak eskainitako kontzertuarekin, Oriarteko institutoan. Errepertorio zabala bidelagun, dantzari finak direla erakutsi dute Lasarte-Oriako jubilatuek.
Igandea dagoeneko tradizio den bazkarirako tartea izan dute. Mitxelingo kiroldegian elkarturik, otordu goxoaz gozatu dute. Bazkalostean, oroigarriak eskaini dizkiete emakumezko eta gizonezko adinekoenei, hots, Tinori eta Enriri. Era berean, aurten 80 urte bete dituztenei ere opariak eman dizkiete, eta kantu bat interpretatu diete Biyak Bateko abesbatzak. Asteburua primeran ixteko, kontzertuaz eta dantzaldiaz gozatu dute.