Giro ederreko jaiak izan dira Sasoetakoak, beste behin. Musikak, janariak, dantzak eta algarak abagunea izan dute hamargarren urteurreneko ospakizunak ontzeko.
Ohiko egitarautik eta berrikuntzatik izan dute aurtengo Sasoeta Jaiek. Ohi bezala, gurasoen eta seme-alaben arteko futbolin txapelketarekin hasi dute larunbateko goiza. Aldi berean, sukalde erraldoia izan da Andatza plaza. Izan ere, orain arte ez bezala, zuzenean egin dute patata tortilla txapelketa. Hamar pertsona aurkeztu dira, eta oroigarria eraman dute etxera lehenengo hiru sailkatuek.
LOZETeko buruhandiek eta erraldoiek girotu dute eguerdia, eta Extremadura Etxeko ogi papurrek biribildu. Guztira 270 errazio banatu dituzte. Jarraian, paella herrikoia egin dute, Andatza plazan ipinitako karpan.
Arratsaldean, helduen danborrada. Zeruak gris kolorea zuen arren, aurrera eraman ahal izan dute. Sasoetako ereserkiarekin hasi, eta orotariko danbor doinuak interpretatu dituzte, Jaizkibel plazatik abiatuta.
Igandeari sukaldetik ekin diote. Izan ere, pil-pil erara kozinatutako txapelketak ireki du jaietako azken eguna. Herriko hamar elkarte gastronomiko lehiatu dira, fogoi artean. Sasoetako Saustatxok irabazi du, azkenean.
Helduen lekukoari jarraiki, umeen danborrada ospatu dute. Emanaldia eskaini dute Ritmo Activo taldekoek, arestian.